Andra Mariko eremuari dagokion parte hartzeko prozesuaren baitan, joan zen ostiral eta larunbatean egin zen Andra Mariko proiektuen artean aukeratzeko bozketa. Ostiralean kultur etxean eta larunbatean turismo-bulegoan eman zuten botoa herritarrek eta, guztira, 18 urtetik gorako 440 oriotarrek parte hartu zuten, hau da, bozkatzera deituta zeudenen %8,7 inguruk. Herritarren botoen zenbaketa zehatza asteazken honetan egingo da, azaroaren 20an, udalbatzarraren aretoan.
Zenbaketa irekia izango da, eta epaimahaiko idazkariarekin eta Udaleko ordezkariekin batera, herritarrek ere izango dute aukera zenbaketa zuzenean jarraitzeko. 12:00etan izango da hitzordua, eta oriotarren proiektu gustukoena zein izan den jakingo da.
Herritarrek, guztira, 50 puntu banatuko dituzte 5 proposamenen artean, proportzionalki. Eta, ondoren, puntu horiek epaimahaikideek emandakoekin batuko dira. Mahai teknikoak, proiektu bakoitza 0-95 puntu artean baloratu du. Balorazio hori sekretua da oraingoz; ez da jakitera eman. Epaimahaia laster bilduko da berriz, batuketa egin eta ideia-lehiaketaren irabazlea proposatzeko. Ondoren emango du Udalak horren berri.
Datozen hiletan, aukeratzen den proposamenean oinarrituta, exekuzio-proiektu bat idatzi beharko da, gaian eskumena duten organoen filtroak pasa beharko dituena.
Parte hartzeko prozesu hau lehena izan da, baina, horrelako gehiago egitea aurreikusten du Udalak. Beraz, lehen ariketa hau oso baliagarria izan da, proba gisa, non asmatu den eta zer hobetu daitekeen identifikatzeko.