Anibarko Portuan hainbat hobekuntza egin ditu Udalak

 

Azken hiletan hainbat lan egin ditu Udalak Anibarko Portuan, bertako segurtasuna eta auzoaren irisgarritasuna bermatzeko. Lanak ia amaituta daude, azken erremateen faltan, eta 95.000 euroko kostua izan dute.

Anibarko Portutik Txanka aldera pasatzeko, semaforoa eta oinezkoen zebrabidea jarri ditu Udalak, errepidea gurutzatzen duten oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, 36-39 atarien pareko espaloia berritu du, eta 30-32 atarietako irisgarritasuna hobetu.

Auzoko argiztapena ere berritu egin da hainbat puntutan, eta zaborrentzako gune berri bat egokitu da N-634 errepidearen alboan. Hala, zaborra jasotzera datozen kamioiek ez dute auzora sartu beharko, eta bizilagunentzat erosoagoa izango da.

Datozen egokitzapenak

Bestetik, gazteei zuzendutako sei apartamentu dotazional prestatzen ari da bertan Jaurlaritza azarotik. Lanak datozen hiletan amaituko dituztela aurreikusi du Udalak, uda aurretik. Gune horretan, gainera, auzokoentzako lokal bat egokitzeko lanak egingo dira. Aste honetan hasiko dira, eta 48.000 euroko aurrekontua izango dute.

Lan hauek bukatutakoan, 2023ko bigarren seihilekoan, haurrentzako parkea berritzeko lanak jarriko dira martxan. Horretarako, 70.000 euroko partida onartu zen udal aurrekontuan.