Anibarko Portuko jolas-parkea berritzeko lanak hasi dituzte

 

Anibarko Portuko jolas-parkea herriko zaharrenetakoa da, eta hura berritzeko lanak hasi ditu Udalak. 2 eta 14 urte arteko haur eta nerabeentzako guneak izango ditu, eta desgaitasunen bat duten gaztetxoek ere erabili ahal izateko pentsatuta dago. Atzo, abenduaren 14an, hasi ziren langileak parke zaharra desmuntatzen, eta berria urtarril hasieran prest egongo dela aurreikusi dute.

Egurra, sokak eta naturako materialak erabiliz sortutako espazioak izango dira, eta jolas lasaia, talde-lana eta irudimena sustatzea izango dute helburu. 280 metro karratuko espazioa izango da, eta Childsplay izeneko materialarekin egindako zorua izango du, kolpeak biguntzeko aproposa.

Desgaitasun fisikoak ez ezik, sentsorialak eta kognitiboak dituzten gaztetxoentzako baliabideak eskainiko ditu, eta atsedenerako guneak sortuko dituzte bankuekin eta plataformekin. Gainera, errepidera ematen duen aldean egurrezko hesi bat jarriko da, segurtasuna bermatzeko.

Lurkoi enpresa arduratuko da lanez eta 60.200 euroko kostua izango dute, BEZ barne.

Lanak, hiru astez

Langileak atzo, abenduaren 15ean, hasi ziren parke zaharra desmuntatzen, eta hiru astez ariko dira bertan. Horregatik, aurreikuspenen arabera, urtarril hasieran prest izango da parke berria.