Apirilaren 17ra arteko epea dago Orioko komunitate energetikoan izena emateko

Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du, Goienerrekin elkarlanean. Martxo hasieran egin ziren proiektua herritarrei aurkezteko bilera irekiak, eta izena emateko epea zabalik dago apirilaren 17ra arte. 

Helburua Orioko herritarrei energia berriztagarria eskuratzeko aukera erraztea da, herrian bertan sortutako eguzki-energiaren bidez. Ekimen honen bidez, Orioko 150 etxebizitza eta merkataritza lokal inguruk jasoko dute eguzki-plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa. Xehetasun guztiak hemen daude kontsultagai, eta eskuorria hemen ikusi daiteke.

Komunitate energetikoan izena emateko epea zabalik egongo da apirilaren 17ra arte, eta interesa duten herritarrek, azken elektrizitate faktura, NANaren kopia eta eskaera-orria sinatuta aurkeztu behar dituzte (garrantzitsua da eskaera fakturaren titularrak egitea).

Prozedura online edo aurrez aurre egin daiteke. Hemen eskaera-orria eta jarraitu beharreko pausuen inguruko informazio zehatza.

Dena den, izen-ematea ez da automatikoki egingo. Jasotako informazioarekin, Goienerrek elektrizitate-fakturan izango duten aurrezpena kalkulatuko du, eta horren berri emango die herritarrei, erabakia hartu dezaten.

Azkenik, aurrera egiten duten herritarren azterketaren emaitzak ikusita, bazkideen behin betiko zerrenda osatuko du Udalak. Beharrezkoa balitz, zozketa bidez egingo da hautaketa.