Apiriletik ekainera arteko kultur programa aurkeztu du Udalak

Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak gaur, martxoak 31, aurkeztu dute apiriletik ekainera arteko Orioko kultur programa. Ibargurenek nabarmendu duenez, «Adin, gustu eta zaletasun guztiei zuzendutako aukerak bildu nahi izan ditugu, ikus-entzunezko hainbat formatutan». Aurreneko aldiz, programaren euskarri fisikoa banatuko da etxez etxe, eta ekitaldien inguruko informazio guztia Udalaren webguneko Agenda atalean izango da eskuragarri bihartik aurrera.

Apirilaren 1ean, Korrika Kulturalaren baitan, Antton Telleriak eskainiko duen bakarrizketarekin abiatu eta ekainaren bukaeran ospatuko diren San Pedro jaietaraino, 20tik gora jarduera programatu dituzte. Herriko eragileek landutako saio ugari izango dira, tartean: Danbolin Musika Eskolaren DanbolinFest jaialdia, Ahalduntze Eskolak prestatutako zinema-emanaldi eta solasaldiak, Talai-Mendi kirol-elkarteak antolatutako Kukuarri Astea eta Harribil dantza-taldearen San Joan gaueko emankizuna.

Esnalen hitzetan, «Kulturak komunikazio-esparru bat sortzen du, dugun errealitatea islatzeko, honekin kritikoak izateko eta irudimenaren bidez bide berriak jorratzeko. Gainera, munduan egoteko eta honi begiratzeko kodeak ematen dizkigu, baita talde-izaera ere, komunitatea sortzen baitu». Horregatik, bizi dugun ziurgabetasun-egoeran, betaurreko propioak eta helburu komunak garatzeko asmoz lanean ari direla azpimarratu du.

Balearen Eguna

Maiatzaren 14a agendan gorriz markatu beharreko eguna da Orion; aurten bai, Balearen Eguna ospatuko baita. «Herriaren nortasunaren parte da festa garrantzitsu hau. Zoritxarrez, oraindik bizi dugun egoera dela-eta, ezingo dugu jaia azken edizioetako formatu berean antolatu, baina herria musika-, kanta- eta dantza-giroan murgiltzeko asmoa dugu. Egun horretan, arrantzalez eta baserritarrez janzteko eta balkoiak arrantzale-sareekin apaintzeko dei egin nahi diegu herritarrei», gehitu du Ibargurenek.

Martxoaren 30ean egin zuten Balearen Eguneko programazioa herritarrekin lantzeko lehen bilera irekia, eta datozen asteetan zehaztuko dute jarduera-sorta. Horrez gain, ospakizun bereziari lotutako hainbat ekitaldi antolatuko dituzte maiatzeko lehen hamabostaldian: Benito Lertxundiren kantaldi berezia, artisau-azoka eta haurrentzako Azken Balea antzezlana (Tomaxen abenturak).

Herritarrengandik hurbilago

Bihar, apirilak 1, kultur programaren euskarri fisikoa jasoko dute oriotarrek etxean. Aurreneko aldia izango da agenda zuzenean jasoko dutena eta, hemendik aurrera, hiruhileko maiztasunarekin errepikatuko da bidalketa.

«Herritarrengana heltzea garrantzitsua da guretzat eta, komunikazio-tresnei lotuta, Udalak urrats bat aurrera emateko beharra zuela uste genuen. Horregatik, programa euskarri fisikoan bidaltzeaz gain, sarreren online salmenta ere jarri dugu martxan orain dela gutxi», adierazi du Ibargurenek, Kultura sailetik azken hiletan egin dituzten aldaketen harira. Izan ere, kultur eskaintzak aparteko harrera izan du azkenaldian, eta sarrerak euskarri fisikoan erosteko zailtasunak izan dituzte herritarrek. Horregatik, arazoari konponbidea jartzeko asmoz, sarrerak online ere eros daitezke Udalaren webgunearen bidez.

Programa

Apirila

  • Apirilak 1, ostirala: Bakarrizketa: Antton Telleria (Korrika Kulturala). Kultur etxea, 22:00. 5€.
  • Apirilak 8, ostirala: Haurrentzako antzerkia: Alpistegia (Korrika Kulturala). Kultur etxea, 18:00. 2€.
  • Apirilak 27, asteazkena: Hitzaldia: Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera. Arraunetxe, 19:00.
  • Apirilak 29, ostirala: Dantza-antzerkia: Oihana. Kultur etxea, 19:30. 10€.

Maiatza

  • Maiatzak 7, larunbata: DanbolinFest jaialdia (Danbolin Musika Eskola). Herriko Plaza, 16:00.
  • Maiatzak 7, larunbata: Proiekzioa: Mende bete arraunean eta bertsotan, 2001eko ikuskizunaren emanaldia. Arraunetxe, 19:30.
  • Maiatzak 8, igandea: Artisau-azoka. Herriko Plaza, 10:00-14:00.
  • Maiatzak 9, astelehena: Ipuin-kontalaria: Miriam Mendoza. Kultur etxea, 17:30.
  • Maiatzak 11, asteazkena: Hitzaldia: Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria. Arraunetxe, 19:00.
  • Maiatzak 12, osteguna: Haurrentzako antzerkia: Azken balea (Tomaxen abenturak). Kultur etxea, 17:30. 2€.
  • Maiatzak 13, ostirala: Kontzertua: Benito Lertxundi. Karela kiroldegia, 19:00. 10€.
  • Maiatzak 14, larunbata: Balearen Eguna.
  • Maiatzak 15, igandea: Kontzertua: Gora Keletxiki bandaren kontzertua, Martin Peronaren omenez. Herriko Plaza, 12:00.
  • Maiatzak 20, ostirala: Zinema: Mendian hil, hirian hil. Kultur etxea, 19:00. 2€.
  • Maiatzaren 22tik 29ra: Kukuarri Astea (Talai-Mendi).
  • Maiatzak 25, asteazkena: Hitzaldia: Orioko natur ondarea: ezkutuko altxorrak, agerian. Arraunetxe, 19:00.
  • Maiatzak 26, osteguna: Hitzaldia: Nolako herria da Orio LGTBI+ pertsonentzat? (Ahalduntze Eskola). Salatxo, 18:00.

Ekaina

  • Ekainaren 6tik 18ra: Erakusketa: Karmen Mendieta. Kultur etxea.
  • Ekainak 9, osteguna: Zinema + Solasaldia: Gure Hots (Ahalduntze Eskola). Kultur etxea, 18:30.
  • Ekainak 10, ostirala: Antzerkia-Bertsoa: Erre. Kultur etxea, 19:30. 5€.
  • Ekainaren 13tik 17ra: Entzunaldiak: Danbolin Musika Eskola. Kultur etxea, 17:00.
  • Ekainak 23, osteguna: San Joan Gaua (Harribil dantza-taldea). Ikastola ondoko plaza, 22:00.
  • Ekainak 24, ostirala: Ekitaldia: Patxi Olideni omenaldia (Orioko Surf Taldea). Hondartza, 19:30.
  • Ekainaren 28tik 30era: San Pedro jaiak.