Orioko Udalak herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatu nahi ditu, belaunaldi berriek horien berri jakitea eta normaltasunez erabiltzea bultzatzeko. Lan hori egiteko prest zeuden gazteei zuzenduta, beka-deialdia zabaldu zuen urtearen bukaeran, eta Aritz Pardina oriotarraren proposamena hautatu du Udalak.
Pardinak 3.000 euro jasoko ditu, sei hilabeteko epean lan hori egiteko. Hain zuzen, Orioko hitzak eta esamoldeak bildu eta jasotzea izango da bere egitekoa, eskura dauden iturriak hustuz (oriotarrei egindako grabazioak, Orioko euskarari buruzko argitalpenak, herriko euskaltzaleek egindako lanak, elkarrizketak…), eta, ondoren, bilduma hori euskarri digitalean ondo antolatzea.
Segidan, zabaltzeko modukoak diren hitz eta esamoldeak aukeratzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan: hitzaren edo esamoldearen indar espresiboa, gazte-hizkerarako izan dezakeen erabilera, genero-ikuspegia, zabal hedatzeko modukoa izatea… Aritzek, ondoren, aukeratutako ale horien zabalpenerako euskarriak diseinatu eta sortu beharko ditu, Udalak lagunduta, eta horien hedapenean lagundu. Eta amaitutakoan, egindako lanari buruzko memoria aurkeztuko dio Udalari.