Arkupek erruleta solidarioa antolatuko du apirilaren 20an Herriko Plazan

 

Apirilaren 20an egitarau zabala izango da herrian, 19. Nazioarteko Estropada dela-eta. Egitarau horren barruan Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak bere aletxoa jarriko du eta erruleta solidarioa antolatuko du 12:00etatik 14:00etara, Herriko Plazan.

Herriko establezimenduetako kontsumitzaileek erruleta solidario horretan parte hartzeko eta sariak irabazteko aukera izango dute: datorren astetik aurrera, apirilaren 16tik 20ra, herriko denda, zerbitzu-enpresa edo tabernetan kontsumituz gero, erruletan jokatzeko txartel bat emango zaie kontsumitzaileei.

Erruletan sari ugari banatuko dira, elkarteko dendek jarritakoak, eta sari bakoitzaren balioa, gutxienez, 40 eurokoa izango da. Guztira, 1.000 eurotik gora banatuko ditu Arkupek sarietan. Irabazleei bonu bat emango zaie eta hilabeteko epea izango dute sarituek bonu hori trukatzeko.

Eltzeitsu Solidarioa

Aurreko urteetan bezala, apirilaren 20an ere Eltzeitsu Solidarioa jarriko du Arkupek Herriko Plazan, eta bildutako dirua herriko familia zaurgarrienentzako janari-bilketa antolatzeko erabiliko da. Eltzeitsu Solidarioan parte hartzen duten herritarrei ere erruletan jokatzeko txartela banatuko zaie.