‘Arrantza eta gastronomia’ hitzaldi-zikloaren hirugarren eta azken saioa egingo da ostegunean


Gero eta hurbilago dugu Parrilla Festa, eta horren erakusle da ostegun honetan egingo den Arrantza eta gastronomia hitzaldi-zikloaren azken saioa. Ostegunean izango da, irailak 25, eta Ekaitz Apraiz Kofradia Itsas-Etxeako kudeatzaileak gidatuko du saioa, Aldapa elkartean.

18:00etan hasita, arraina prestatzeko teknika berritzaileak izango ditu hizpide Apraizek, eta parte-hartzaileei zuzenean erakutsiko dizkie horietako batzuk. Horregatik, espazioa eta parte-hartzaileak ondo antolatzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea turismo-bulegoan.

Ondarearen transmisioa helburu

Parrilla Festaren helburu nagusia Orioko itsas ondarearen transmisioan eragitea da, eta horregatik antolatu du Udalak, Kofradia Itsas Etxearekin elkarlanean, Arrantza eta gastronomia hitzaldi-zikloa irailean. Gure itsasoetako arrantzaren nondik norakoak, eta arraina erosterakoan kontuan hartu beharreko alderdiak landu dira aurreko bi saioetan, eta hirugarren honetan arraina prestatzeko modu ezberdinak aztertuko dira.

Honekin guztiarekin, herritarrek itsas kulturarekin duten harremana indartu nahi du Udalak, eta egungo errealitatearekin uztartu.