Astean behin, herriko hitz edo esamolde bat zabalduko du Udalak

Udalak herriko hitzak eta esamoldeak biltzeko beka-deialdia egin zuen iazko udazkenean, eta, beka irabazita, Aritz Pardina oriotarra aritu da bilketa-lan horretan. Pardinak ekainean aurkeztu zion jasotako bilduma Udalari, eta gaurtik aurrera, horiek zabaltzen hasiko da Udala, sare sozialen bidez.

Ekimenaren helburua da herriko hitzak eta esamoldeak jaso eta zabaltzea, belaunaldi berriek ezagutu ditzaten eta normaltasunez erabili ditzaten.

Urtarrilean hasi eta ekainera bitarte, bilketa-lan mardula egin zuen Pardinak. 600etik gora hitz eta esamolde jaso, sailkatu eta antolatu ditu. Gehienak, ahotsak.eus webguneko Orioko adinekoei grabatutako elkarrizketen bidez jaso ditu, edota oriotarrek han eta hemen publikatutako testuen hustuketa eginez; baina kalean entzundako hizkera bizi-biziko aleak ere jaso ditu tarteka.

Asteroko pilulak

Bilduma zabala da eta hitz eta esamolde horiek pixkanaka zabaltzea erabaki du Udalak. Sare sozialen bidez, astean behin, hitz edo esamolde baten berri emango du, esanahia argituz eta erabilera-adibideak proposatuz. Astero pilula bat eskainiko da, herritarren eskura jartzeko, ezagutu eta erabili dezaten.

Gainera, sare sozialek ematen duten elkarrizketarako aukera baliatuta, oriotarrei gonbita egiten die haiek ezagutzen edo erabiltzen dituzten herriko esamoldeak partekatzeko eta, hartara, bilduma aberasteko.

Aurrera begira, beste euskarri batzuk ere lantzeko asmoa du Udalak, bereziki herriko haur eta gazteei begira.