Joan den ostegunean abiatu zen 24. Korrika Atharratzetik, eta asteazkenean, martxoak 25, helduko da Oriora. 15:00etan iritsiko da Korrika Aginagako Mapil baserrira, eta Orio aldera egingo du handik, herrigunetik igaro eta Zarautz aldera jarraitzeko.
Hauek dira Korrikak herrian egingo dituen kilometroak eta lekukoa eramango dutenak:
- 1795: Oria bizi + GUKA (8.km)
- 1796: Talai Mendi + Herrio (9.km)
- 1797: EH Bildu + Sare (10.km)
- 1798: Txurrumuski + Harribil (11.km)
- 1799: Etxeluze + Pakak (12.km, Anibarko Portuko biribilgunea)
- 1800: Danobat (12.km, Aita Lertxundi 6)
- 1801: Zaragueta Herri Eskola + Orioko Herri Ikastola + Maria Maestra Haurreskola (Eusko Gudari, 19)
- 1802: Orioko Herri Ikastolako langileak (Herriko Plaza)
- 1803: EAJ (N-634 13.km)
Jarraian, 16:30etik aurrera, txokolate beroa banatuko da Herriko Plazan, eta 17:00ean haurrentzako ikuskizuna izango da, leku berean.
Antzerkiaren ondoren, triki-bertso poteoa egongo da, herriko bertsolari eta trikitilariekin. Eta, bukatzeko, zizka-mizkak jarriko dira Herriko Plazan bertaratu guztientzat.
Korrika Txikia
Ikastetxeek antolatuta, Korrika Txikia egingo da goizean. DBHko ikasleek 11:00etan hasiko dute ibilbidea hondartzan, eta Herriko Plazara bidean, ikasleak batzen joango zaizkie, adinaren arabera.
12:00etan bukatuko dute saioa, Herriko Plazan egingo duten ekitaldiarekin.
Aldaketak herriguneko trafikoan
Korrika Txikia dela-eta, 11:00etatik 12:00etara udaltzainak ibiliko dira herrigunean trafikoa bideratzen, sortu litezkeen gorabeherak kudeatzeko.
Arratsaldean, aldiz, Korrikaren ibilbidea eta herriko saneamendu-sisteman egiten ari diren lanen egutegia bateratzeko, hainbat doikuntza egingo dira:
- Martxoaren 24rako aurreikusitako itxiera mantendu egingo da. Ondorioz, Abeslari kaleko lanak direla eta, herrigunetik irteteko Txanka-hondartza bidea erabili beharko da.
- Martxoaren 25ean, berriz, Korrika igaro ondoren hasiko dituzte lanak, 16:00etan, eta lau orduz luzatuko dira, 20:00ak arte, gutxi gorabehera. Egun horretan ez da trafikoa itxiko, eta Eusko Gudari kaleko aparkalekuak libre mantenduko dira.
Egokitzapenen ondorioz, baliteke aurreko egunetako lan-ordutegia aurreikusitakoa baino gehiago zabaltzea. Barkatu eragozpenak.
