Atzo arratsaldean banatu ziren «Euskaraz Gazte» literatur lehiaketaren aurtengo sariak

Argazkia: Orio Guka

Sariak banatzeko ekitaldia kultur etxeko areto nagusian egin zen, Euskararen Egunean, abenduak 3, 19:30ean hasita. 18:30ean hastekoa zen ekitaldia, baina ordubete atzeratu zen, 19:00etan elkarretaratzea egin zelako Herriko Plazan, Pasaiako hilketa matxistaren kontra.

Sarituekin batera, Udalaren ordezkariek ere parte hartu zuten sari-banaketan: Anuska Esnal alkateak eta Iosu Lizarralde eta Noemi Ostolaza zinegotziek. Epaimahaiaren ordezkari, Jabier Zabaleta eta Rikardo Uzkudun aritu ziren.

Bestalde, ekitaldian parte hartu zuten, baita ere, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako zenbait irakasle eta ikaslek: Leire Illarramendi, Ugutz Garitaonaindia eta Maitane Ezpeleta gitarra-jotzaileak; eta Andoni Lertxundi eta Amaia Gutierrez biolin-jotzaileak. Hiru pieza jo zituzten: ekitaldiaren hasieran, erdian eta bukaeran; eta, horrez gain, gitarraz lagundu zieten sarituei, bertsoak kantatzen.

Epaimahaikoek adierazi zuten aurtengoa ez dela izan, kantitate aldetik, lehiaketaren urterik oparoena, batez ere ipuinen arloan lan gutxi aurkeztu direlako. Aurreratu zuten, baita ere, datozen hilabeteetan gogoeta egin nahi dutela, lehiaketari aurrerantzean zein forma eman erabakitzeko.

Hauek dira aurtengo lehiaketan saria irabazi dutenak:

Ipuinak

1.- Indiko itsasoko harribitxia. Iñaki Iturain.

2.- Urretxindorra. Joxe Mari Unanue.

Bertsoak eta olerkiak

1.- Izurdearenak. Nere Manterola.

2.- Iparra galduta. Garazi Urretabizkaia.

3.- Altxa burua, motel! Xabier Iribar.

Accesita: Ezlekuetan laiotz. Nadhet Arruti.

Accesita: Aspaldi jaio nintzan. Rosi Lazkano.

Lan sarituak Guka aldizkarian argitaratuko dira, urtarrilaren hasieran, gehigarri berezi batean.