Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da bihar, azaroak 25, eta egunaren aldarriarekin bat eginez, elkarretaratzea egin dute goizean Orioko Zaragueta eskolako eta Herri Ikastolako LH3tik DBH4ra bitarteko ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Banku morean egin dute hitzordua, 11:00etan, eta adierazpen labur bat irakurri ondoren, Herriko Plazara joan dira elkarrekin. Plazan beste ekitaldi bat egin dute, neskek sufritzen dituzten era guztietako indarkeria matxistak bistaratzeko.
Aurtengo elkarretaratzea berezia izan da, bi eskoletako DBH4ko neskek prestatu baitute ekintza. Saregile Orioko Emakumeon* Etxean bildu dira, hango arduradunekin batera gaiaz gogoeta egiteko eta, gogoeta horretatik sortu da gaurko ekitaldia. Zaragueta eskolako eta ikastolako DBH4ko neskak izan dira ekitaldiaren erabateko protagonistak: berek eman diote forma eta berek gidatu dute: xehetasunak lotu, irakurri diren testuak prestatu eta irakurri, pankartak egin, musika aukeratu…
«Ikasturte hasieran haiekin bildu ginen, Saregileren ateak zabalik dituztela esateko eta espaziora gonbidatzeko, eta indarkeriaren inguruan hitz egiteko behar handia zutela ikusi genuen», azaldu dute Saregileko arduradun Miriam Garciak eta Aizpea Esnaolak. Hortik abiatuta, indarkeriaren iceberga landu dute elkarrekin, eta gaurko elkarretaratzean ere hori irudikatu dute LH3tik DBH4ra bitarteko ikasleek. «Iceberg horretan, ur gainean ageri dira gehien ikusten diren indarkeriak, eta ur azpian geratzen dira ikusezinak direnak», kontatu dute Garciak eta Esnaolak; «Lanketa honek normalizatuta dauden indarkeriak identifikatzen laguntzen du».
Ekitaldirako, lelo bat ere prestatu dute ikasleek: Orain flipatu, gero damutu, ikaskideei eta beren adineko mutilei zuzenduta. Horren bidez adierazi nahi izan dute indarkeria ez datorrela beti ezezagunen eta gizon helduen eskutik. Horrekin batera, beste pankarta bat ere erakutsi dute, mugimendu feministaren lelo ezagun honekin: Denon bizitzak erdigunean.
Ikasleengandik herrira
Azken urteetan, Urola Kostako Udal Elkarteko Hezkidetza Foroa izan da A25aren testuinguruan, eskualdeko herrietan egin izan diren jarduera bateratuen antolatzailea. Aurten, aldiz, erabat aldatu da planteamendua Orion, eta protagonismo osoa hartu dute ikasleek; bereziki, DBH4ko neskek. Horrek indar berezia eman dio ekitaldiari.
Bihar ere elkarretaratzea, mugimendu feministak deituta
Gaiari lotuta, bestalde, Orioko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egingo da azaroaren 25ean bertan, larunbatarekin, 12:00etan banku morean.