Azaroaren 8an ‘Ztandap’ umorezko ikuskizuna izango da Saregilen

 

Bakean Dagoena Bakean Utzi eta Luze edo Motz emankizunen ondotik, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik generoa hartu dute umoregai Ztandap ikuskizunean, eta eguneroko gaiak lehertzen saiatzen dira betaurreko moreak jantzita. Ikuskizuna Saregile etxean izango da ikusgai azaroaren 8an, 19:00etan, eta gonbitak han bertan daude eskuragai.

Orgasmo-arrakala, maitasun erromantikoa, señorak eta elkarbizitza izango dituzte hizpide bi umoregileek eta, kritikaren eta barrearen bidez, bazterrak eztandaraziko dituzte. Gazte zein helduei zuzendutako emankizuna da, eta ordubeteko iraupena izango du.

Gonbitak eskuragai daude Saregilen, eta lekua mugatua izango denez, pertsona bakoitzak, gehienez, lau gonbita hartu ahal izango ditu. Dena den, eguna hurbildu ahala, eguraldiaren aurreikuspena ona bada, baliteke saioa Pilliku plazara ateratzea. Kasu horretan, sarrera librea izango da.