Begi Bistanek antolatutako Behoria Garbia ekimenaren aurtengo ekitaldia irailaren 21ean egingo da Orion eta Oria ibaiaren itsasadarrean. Egun osoko ekoturismo-jarduera izango da, eta parte-hartzaileak jasangarritasunaren eta ingurumenaren defentsaren inguruan sentsibilizatzea du helburu.
Ekimena aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur Arraunetxen, eta han izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, Azahara Dominguez Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua, Olatz Santamaria eta Lourdes Salsamendi zinegotziak eta Naiara Malave Begi Bistanen kudeatzailea.
Jardueran parte hartzeko izen-ematea zabalik dago Begi Bistanen webgunearen bidez.
Eguneko jarduera nagusia Oria ibaiaren jaitsiera izango da, kayakean. Bi txanda egingo dituzte, eta Usurbilgo Txokoaldetik behera, ibaian eta ertzetan aurkitzen duten zaborra jasoko dute parte-hartzaileek. Hiruzpalau orduko iraupena izango du. Informazio osagarria, hemen.
Paraleloan, Antilla hondartzako zigarrokinak eta bestelako zaborrak jasotzeko hitzordua egingo dute, Surfrider Fundation-ekin lankidetzan. 12:00etan hasiko da jarduera.
Bisita gidatuak
Kayak-jaitsieraz gain, arraunaren historia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte egun horretan, euskaraz eta gaztelaniaz, Arraunetxetik abiatuta. Bisitak doakoak izango dira, eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Hauek dira ordutegiak: 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz.
Arratsaldean, berriz, eskualdeko itsas kultura eta historia ezagutzeko irteerak egingo dira itsasontziz 16:00 eta 19:00 artean; 20 minuturo irtengo da itsasontzia plazatik, eta Oria itsasadarrean egingo du ibilbidea. Jarduera doan izango da.
Tailerrak, azoka eta hitzaldiak
Egunean zehar, bi tailer labur eskainiko dituzte Herriko Plazan, plastikoen arazo larriaren inguruan kontzientziatzeko, doan. 16:00etan eskainiko dute euskarazko saioa, eta 17:00etan gaztelaniazkoa.
Horrez gain, Zero Waste azoka txikia egingo dute Herriko Plazan, modu arduratsuan eta hondakinik sortu gabe kontsumitu daitekeela frogatzeko. Tokiko ekoizleei laguntzea eta alternatiba jasangarriak eskaintzea izango da azokaren helburua.
Egunarekin bukatzeko, azkenik, sari-banaketa ekitaldia egingo dute 18:30ean. Goizeko irteeretan hondakin gehien jaso dituzten kayak-ak sarituko dira, hainbat kategoriatan banatuta.
Informazio osagarria, Begi Bistanen webgunean.