Herriko natur taldearen urteroko zita berezia izango da aurten. Taldeko kide Jon Larrañagak bertako zuhaitzak hazi ditu azken urteetan, eta Herrio natur taldeak dohaintzan eman dizkio Udalari, Orion landatzeko.
Landatuko diren zuhaitzak intsusak, hurritzak, haritzak, pagoak, gaztainondoak, arteak, gurbitzak, gorostiak eta zuhandorrak izangodira, 75 bat zuhaitz guztira.
Landaketa otsailaren 11n egingo dute, larunbatarekin eta herritarrei dei egin diete laguntzeko. Otsailaren 11n elkartuko dira Herriko Plazan, 10:00etan, eta bizikletaz joateko eskatu dute antolatzaileek, zuhaitzak landatu beharreko eremuetara azkarrago heltzeko. Lau gune hauetan landatuko dituzte zuhaitzak: Kirol portuaren inguruko dunetan, Anibarko Portuan, Muntoko pasealekuan eta Abaromendiko aparkalekuaren inguruan. Horregatik, herritarrak bi taldetan banatuko dira: batzuk hondartza aldera joateko, eta besteak, errioan gora.
Eremuetako bakoitzean udaletxeko langileek aurretik prestatutako zuloak topatuko dituzte, eta haietako bakoitzaren alboan, sartu beharreko zuhaixka. Antolatzaileek emandako aholkuak jarraituz, zuhaixka bakoitza bere zuloan sartu beharko da. Eta lana amaitutakoan, bi taldeak Herriko Plazara itzuliko dira, mokadutxo bat jateko eta elkarrekin egoteko.
Bertako zuhaitzen eskasia
Larrañagak azaldu duenez, bertako zuhaitzen eskasia handia dago Gipuzkoan, eta haien helburua haztegi bat lantzea da, Orion ez ezik, beste eremuetan ere landatzeko.