- Orioko Arraun Elkarteak antolatuta, martxoaren 11n, larunbatarekin, egingo dute Oriaren Traineru Jaitsieraren aurtengo ekitaldia. 69 ontzik eman dute izena, eta 931 arraunlari inguru hurbilduko dira zitara. 17:30ean abiatuko dira eta, ohi bezala, Orioko zubiaren parean izango dute helmuga.
Oriaren Traineru Jaitsiera 1995ean antolatu zuten aurrenekoz. Traineru-denboraldia ekainetik irailera luzatzen denez, neguko entrenamendu garaiari argi pixka bat eman nahi izan zion Orioko Arraun Elkarteak, eta urteak aurrera, neguko zita garrantzitsuenetakoa bilakatu da inguruko traineruentzat.
Bi ibilbide, bi bandera
Atzo, martxoak 9, egin zuren ekimena aurkezteko agerraldia Orialkiren instalakuntzetan, eta OAEko presidente Iosu Esnaolak eta Orioko alkate Anuska Esnal Olidenek hartu dute hitza.
Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: 4.000 metrokoa, Sarikolatik irtengo dena, Llagut-Llaut, misto, jubenil, beterano eta emakumezkoen senior kategorientzat. Eta 6.000 metrokoa, Mapil-Aginagatik irtengo dena, senior mailako gizonezkoen traineruentzat. 17:30ean dute hitzordua, eta bi bandera izango dira jokoan, emakumeena eta gizonena.
Ibai Ondo kaleko sarbidea, itxita
Ibai Ondo kalerako sarbidea itxita egongo da Endaia plazatik, eta Salatxo tabernaren parean postuak jarriko dituzte.