Asteburuan ospatu da 15. Bisiguaren Festa Herriko Plazan eta arrakastatsua izan da aurten ere. Udalak Orioko arrantza-ondarearen balioa nabarmentzeko antolatzen du Bisiguaren Festa eta, azken urteotan, gogoeta egiten ari da festa-ereduaren jasangarritasunari buruz.
Bisiguaren egoera gero eta eskasagoa da itsasoan: aspaldian galdu zen Bizkaiko Golkoan eta, azken urteetan Gibraltar ingurutik ekarri ostean, Azoreetan arrantzatutakoa komertzializatzen da orain gure jatetxe eta arraindegietan. Garbi utzi zuen hori AZTI ikerketa-zentroko Guzman Diez biologoak, Udalaren eskariz ekainean Orion eman zuen hitzaldian (ikusi bideoa hemen).
Festa-eredua egokituz
Egoera ikusita, Udalak eta festaren antolaketan dabiltzan beste eragileek aurten otorduen kopurua erdira murriztea erabaki zuten: aurten bi bazkari bakarrik eman dira, larunbatean eta igandean; bakoitzean, 220 bazkaltiar. Nabarmentzekoa da aurten bazkaritarako txartela erosi duten ia guztiak oriotarrak izan direla eta Udalak ez duela gonbidapenik banatu bazkaritarako.
Horrez gain, programaren barruko jarduera paraleloak indartu ditu Udalak: irekiera-ekitaldia, larunbat eguerdiko marmitakoa, iluntzeko sardina- eta barazki-parrillada eta igande eguerdiko elkarteen parrilla-lehiaketa. Jarduera horien bidez eta lanean ibili diren norbanako eta eragileen konpromisoari esker, oso festa parte-hartzaileak izan dira. Hori da, aurrerantzean ere, Udalak bultzatu eta sakondu nahi duen festa-eredua: herritarra eta parte-hartzailea.
Diru-kontuak, kitto
Udalak 40.000 euro inguru gastatu ditu aurten Bisiguaren Festa antolatzen (otorduak, gainerako ekitaldiak, hitzaldia, hitzaldiaren bideoa, txaranga…) eta diru hori ia osorik berreskuratzen du gero: txartelen salmenta, tiketen salmenta, Hazi fundazioaren dirulaguntza…