Danbolin Musika Eskolako ikasleek, bigarren hiruhilekoari amaiera emateko, hainbat ekitaldi egingo dituzte martxoan.
Dantza
Martxoaren 12an, igandearekin, dantza–ekitaldia izango da kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Hasteko, 4 eta 6 urte arteko 53 ikaslek dantza-saio bat egingo dute gai honen inguruan: Musika eskolako guraso eta ikasle ohien abestiak. Ondoren, 7 eta 13 urte arteko 107 dantzari aterako dira agertokira, eta euskal dantzak eta orotariko koreografiak eskainiko dituzte.
Gainera, musika–eskolako zenbait ikasle zuzenean ariko dira musika jotzen.
Musika eta Mugimendua
4, 5 eta 6 urteko ikasle txikienek Musika eta Mugimendua ikasgaia lantzen dute, eta saio horietan ikasitakoa gurasoei erakutsiko diete martxoaren 27tik 30era kultur etxean egingo diren emanaldietan. Gurasoentzat aukera paregabea izango da seme-alabek eskoletan lantzen dutena ikusteko.
Programa:
- Martxoak 27, astelehena: 5 urtekoak 17:00etan, eta 4 urtekoak, 18:00etan.
- Martxoak 28, asteartea: 6 urtekoak 17:00etan.
- Martxoak 29, asteazkena: 5 urtekoak 17:00etan.
- Martxoak 30, osteguna: 4 urtekoak 17:00etan.
Instrumentuak
Instrumenturen bat jotzen ikasten ari diren ikasleek zortzi entzunaldi eskainiko dituzte martxoaren bukaeran, kultur etxean. 7 urtetik gorako ikasleak dira guztiak, eta azken hiletan egindako aurrerapenak ikusi eta entzuteko aukera izango da guraso, senide eta lagunentzat.
Programa:
- Martxoak 21, asteartea: Klarinete eta saxofoiko entzunaldia, 18:30ean.
- Martxoak 24, ostirala: Flauta eta eskusoinuko entzunaldia, 17:30ean.
- Martxoak 28, asteartea: Banda txikiaren entzunaldia, 18:30ean.
- Martxoak 29, asteazkena: Txistuko entzunaldia, 18:00etan.
- Martxoak 30, osteguna: Biolineko entzunaldia, 17:30ean (Salatxo aretoa).
- Martxoak 30, osteguna: Tronpetako entzunaldia, 19:00etan.
- Martxoak 31, ostirala: Pianoko entzunaldia, 17:00etan.
Bandaren elkartrukea
Danbolin Musika Eskolako bandak elkartrukea egingo du Lezoko Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako bandarekin. Martxoaren 26an, igandearekin, 12:30ean bi bandek kontzertua emango dute Lezoko Herri Eskolan eta hilaren 31n, ostiralarekin, Orioko Herriko Plazan elkartuko dira 19:00etan.
Ikasleak gogotsu ari dira emanaldiak prestatzen, eta herritar guztiei egin diete saioetara azaltzeko gonbita.