Sustraiak beste herrialde batzuetan dituzten eta gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskariari erantzuteko abiatu du kanpaina UEMAk: atzerritar itxura daukatela-eta, herritar askok erdaraz egiten diete lehen hitza, euskaldunak diren arren, eta aurreiritzi horiei aurre egiteko deia da kanpaina. Izan ere, euskarak kolore asko ditu eta, gaur egun, euskaldun asko daude gure herrietan, kanpoko jatorria izan arren, euskaldun-euskaldunak direnak. Hori gogorarazi nahi du UEMAren kanpainak eta Orioko Udalak bat egin du mezuarekin.
Aurreiritziak baztertu eta lehen hitza beti euskaraz egiteko gonbita da Egin nirekin ere euskaraz! kanpainaren gako nagusia. Bereziki, parean haurrak eta gazteak ditugunean, horietako asko hemen sortuak edo hemen ikasiak direlako eta, hortaz, euskaldunak direlako. Helduok eredu izan behar dugu horretan ere, eta euskaraz hitz eginda, euskaraz bizitzen lagunduko diegu.
Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen dira kanpainaren protagonistak. Batzuk atzerrian jaioak, besteak Euskal Herrian, euskara dute beren hizkuntzetako bat, eskolan eta lagunartean hitz egiten dutena; baina, askotan, hori aldatu egiten da kalean eta herritarrek gaztelaniaz hitz egiten diete: azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik…
Hemen kanpainari buruzko informazio gehiago, hemen.
UEMAren kanpainarekin bat egin du Orioko Udalak eta kanpainarako argitaratu diren kartel eta diptikoak jarriko ditu herrian, sare sozialetan zabaltzearekin batera.
«Euskara eta kulturartekotasuna»
Ekimen honen jatorria duela urte batzuk Zaldibiako Lardizabal eskolan martxan jarri zuten eta Orion aurten abiatu den ‘Euskara eta Kulturartekotasuna’ egitasmoan dago.
UEMAk lideratuta, Orioko Udala eta herriko bi ikastetxeak ari dira parte hartzen «Euskara eta kulturartekotasuna» egitasmoan, eta lantalde bat dago osatuta, dagoeneko urrats batzuk ematen hasita dagoena.