Ekuadorko Esmeraldas eskualdean haur eta nerabeen hezkuntza bermatzeko baliabideak falta dituzte. Azken urteetan, 12 eta 17 urte arteko gazte askok utzi dute eskola, eremuak bizi duen egoera soziekonomikoak eraginda, eta landa-guneetan bizi diren familiei laguntzeko, liburu eta material didaktikoa biltzeko deialdia egin du Esmeraldas en Palabras ekimenak. Bilketa abenduaren 18tik 24ra egingo da, udaletxean.
Esmeraldas en Palabras ekimena eskualde horretako eta Orioko jatorria duen bikote batek bultzatu du, helburu argi batekin: 100.0000 liburu bildu nahi dituzte 100.000 haur eta neraberentzat. Bildutako materialak Ekuadorrera eramango dituzte hango erakunde baten laguntzarekin, eta horien kudeaketa eta banaketa REMADPE sareak egingo du, Esmeraldas-ko Emakume Afro eta Askotarikoen Sareak.
Sare hori 150 emakumek baino gehiagok osatzen dute; gehienak hezitzaile izandakoak dira, eta hezkuntza-proiektuak garatzen dituzte, irakurketa sustatzeko eta ikasteko eremu seguruak eskaintzeko.
Bilketa, Orioko udaletxean
Antolatzaileek azaldu dutenez, bi euskarri mota eman daitezke dohaintzan:
- Haur eta gazteentzako literatura eta akademia liburuak
- Material didaktikoa eta tresna teknologikoak
Materialen entrega abenduaren 18an hasiko da, ostegunarekin, eta hilaren 24ra arte eraman ahal izango dira liburu zein tresnak Orioko udaletxeko harrerara, 9:00-18:00 ordutegian. Ekarpen bakoitzak balio du!
