Eman izena Mintzalagun programan!

 

Euskara bere garaian ikasi zutenek edo orain ikasten ari direnek, batzuetan, ez dute izaten inguruan aukera handirik ikasitakoa praktikan jartzeko; hanka sartzeko lotsa izaten dute sarri, konfiantza falta zaie, eta, beraz, nekeza egiten zaie euskaraz aritzea.

Zailtasun horri aurre egiteko sortu zen Mintzalagun egitasmoa, euskara praktikatu nahi duenak, astean behin, mintzatzeko aukera izateko. Hortaz, bultzadatxo hori behar duena baldin bazara edo inguruan behar hori duen inor ezagutzen baduzu, joan Orioko AEK euskaltegira eta eman izena Mintzalagun programan. Era horretan, astean behin, lagun-talde txikian elkartu eta ordubetez euskara praktikatu ahal izango duzu doan.

AEK-k 3-4 pertsonako taldeak osatzen ditu eta, horietan, txikitatik euskaraz dakien bat eta praktikatu nahi dutenak biltzen dira. Taldeak astean behin elkartzen dira, ordubetez, euskaraz hitz egiteko gustuko jardueraren bat eginez. Denetik egiten dute: paseoa eman, kafea hartu, pintxo-potean ibili, mendira joan, erosketak egin… Nor bere helburua lortzeko apuntatzen da: euskara txikitatik jaso duenak laguntzaile-papera betetzen du eta praktikatu nahi duenak, berriz, aukera dauka lasai praktikatzeko gune euskaldun lasai batean.

Izen-ematea

Euskara praktikatzeko izena eman nahi baduzu, hiru bide dauzkazu:

• urolakosta@aek.eus helbidera idatzi
• 625 485 215 telefonora deitu
• Orioko euskaltegian galdetu

Euskaraz ondo egiten baduzu eta praktikatu nahi dutenei lagundu nahi badiezu ere eman dezakezu izena. Astean ordubete eskaini beharko diozu, besterik ez, eta erraz eta atsegina da.

Mintzalagun programari buruzko informazio gehiago, bideo honetan.