‘Erosi Orion’ kanpaina martxan jarri du Arkupe elkarteak

Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak Erosi Orion kanpaina jarri du martxan aurten ere, herriko merkataritza sustatzeko. Gaur, urriaren 11n, abiatuko da, eta hilaren 24ra arte egongo da martxan. Herriko establezimenduetan kontsumitzen duten herritarren artean 1.000 euroko sariak banatuko dira.

Egitasmoaren helburua herritarren ohiturak aldatzea da, erosketak herrian egin ditzaten eta, hartara, bertatik bertarako merkataritza sustatu dezaten. Merkataritza-sektore indartsua izatea garrantzizkoa da herriaren ekonomiarako eta gertuko sare sozialak indartzeko.

Dinamika

Herriko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrek txartel bat jasoko dute. Txartela ireki eta unean bertan jakingo dute saria lortu duten ala ez: 10, 50 eta 100 euroko erosketa-bonuak. Guztira 1.000 euroko balioa duten sariak banatuko dituzte, bi astetan.

Saririk lortzen ez dutenek, dena dela, beste zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute txartel berarekin: Oria ibaiaren jaitsiera kayakean egiteko hiru sarrera bikoitz zozkatuko dira urriaren 25ean.

Kalejira urriaren 18an

Erosi Orio kanpaina indartzeko, Arkupek kalejira antolatuko du urriaren 18an, ostiralarekin, 19:00etatik aurrera. Komertzioek haien salgaiak aterako dituzte kalera, eta Matraka elektrotxaranga ibiliko da kalez kale.