Eskolaurreko haurren artean irakurketa sustatzeko Bookstart programarekin bat egin du Oriok

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak, Mestiza elkarte artistiko-soziokulturalaren eskutik, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa proiektuaren hirugarren edizioa jarri du abian, irakurketa sustatzeko eskolaurreko haurren artean. Aurten, 1000 liburu-sorta banatuko dira, doan, Gipuzkoako sei udalerritan. Hala, Orio, Urnieta, Larraul eta Alkizak bat egingo dute Ordiziarekin (2022an atxiki zen) eta Lasarte-Oriarekin (2023an).

Prentsaurreko agerraldia gaur goizean egin da Orioko liburutegian, eta bertan izan dira, Anuska Esnal Orioko alkatearekin batera, Ana Priede Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako zuzendaria eta Ana Molina Mestiza elkarte artistiko-soziokulturaleko presidentea eta Bookstart Euskadi proiektuaren koordinatzailea.

Esnalek adierazi duenez, «Programa hau Udalak aukera berdintasuna sustatzeko dituen helburuekin bat dator. Gure udalerriko haur guztiek, jatorria edo egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, erabat hazteko eta garatzeko aukera emango dieten kalitatezko baliabideak eskura izatea nahi dugu. Irakurketa goiztiarrak hezkuntza sendo baterako oinarriak finkatzen ditu, eta proiektu honen parte izatea gure komunitatearen etorkizunean inbertitzea da».

Molinak, bere aldetik, proiektuaren eleaniztasunean jarri du fokua: «Guretzat oso garrantzitsua da proiektua hiru hizkuntzetan izatea, horrela publiko gehiago erakar dezakegulako, integrazioa sustatu, bateratu eta proiektua bihurtu guztiontzako zabalik dagoen espazio bat», adierazi du; pozik dago proiektuaren bilakaerarekin eta azpimarratu du helburua dela «Gipuzkoako eskualde guztietara iristea».

Liburu-poltsak

Orion 200 liburu-poltsa banatuko dira 0-3 bitarteko haurren artean. Gehienak eskolaren, ikastolaren eta haurreskolaren bidez banatuko dira; baina oraindik zentroetara iritsi ez diren haurrek ere aukera izango dute liburu-poltsa horietako bat eskuratzeko, udal-liburutegian eskatuta. 0-3 bitarteko haur guztiek izango dute aukera beren liburu-poltsa eskuratzeko.

Liburu-sorta bakoitzean euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu bana izango dira. Horrez gain, oihalezko poltsa bat, proiektura ongietorria emateko gutun bat eta irakurketak haur txikientzat dituen onurei buruzko informazio-liburuxka bat.

Liburu Baby Kluba

Bookstar Euskadi-Gipuzkoa programa osatzeko, irakurketa sustatzeko saioak egingo dira, Liburu Baby Kluba izenburupean; jarduera ludikoa, didaktikoa eta doakoa izango da, helburu duena literatura, musika, artea eta naturarako interesa sustatzea haur txikien eta beren familien artean.

Hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta ingelesa) egiten den ekimen hau Donostian sortu zen, eta hango 11 kultur etxeetan mantentzen da oraindik ere, baina Bookstart Euskadi proiektuari atxikitako herrietara ere zabaldu da.

Orion, azaroaren 4an eta abenduaren 9an egingo dira Liburu Baby Klubaren saioak, 17:00etan liburutegian. Saio bakoitzean 20 lagunentzako lekua izango da; beraz, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea liburutegian bertan.