Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago irailaren 25era arte

Talde txikiak, irakasle eskarmentudunak eta ikasteko giro ona eskaintzen ditu, maila guztietako ikasleentzat.

Hiru bide daude euskaltegian izena emateko:
  • Euskaltegira bertara jotzea, Bikamiotako errotondaren ondoan (KTA eraikina), astelehenetik ostiralera: 10:00 – 13:00 eta 17:00 – 20:00 (ostiralean, goizez bakarrik).
  • Posta elektronikoz,orio@aek.eus helbidera idatzita.
  • Telefonoz deituta, 670 420 025 zenbakira (Amaia Olazabal).

Taldeko lana eta autoikaskuntza

Euskaltegian aukera izango da talde presentzialetan izena emateko, maila guztietan: 0 maila, euskalduntzea, tituluak ateratzeko ikastaroak (B1, B2, C1, C2).

Horrez gain, ikasleek aukera daukate autoikaskuntzaz baliatzeko. Autoikaskuntzak ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.

Talde presentzialetan astean 8 ordu emango dira: bina ordu astelehenetik ostegunera. Izena ematen duen jendearen arabera antolatuko dira taldeak.

100 euroko matrikula

Orioko Udalaren nahia da oriotarrek moduz ikasi ahal izatea euskara eta, beraz, ikastaroen prezioa oso merkea da Orion erroldatuta daudenentzat: 100 euro, edozein ikastaro.

Udalarekin zorrak dituzten herritarrek ezin izango dituzte ikastaroak prezio horretan egin, eta matrikularen kostu osoa ordaindu beharko dute.

Orioko Udalak eta AEK-k sinatu zuten kontratuaren arabera, Urola Kostako AEK arduratuko da aurten ere Orioko euskaltegiko zerbitzua emateaz.