Udalak urtero ematen ditu euskara ikasteko dirulaguntzak, eta aurten deialdi baten bidez bideratuko ditu dirulaguntza horiek. Aurreko ikasturtean eta udan helduentzako euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak herritik kanpo egin dituzten oriotarrak dira dirulaguntzen onuradunak.
Diruz lagunduko diren ikastaroak hauek dira: Oriotik kanpoko euskaltegi homologatuetan egindakoak, baldin-eta ikastaro horiek Orion eskaintzen ez badira. Orioko euskaltegian ikastaro horren eskaintza egiten bada, ez dute dirulaguntza jasotzeko eskubiderik izango. Orioko euskaltegian ikasten duten herriko ikasleek, bestalde, ez dute deialdi honen bidez dirulaguntzarik jasoko, herriko ikastaroen prezioa dagoeneko Udalak subentzionatua dago-eta.
Dirulaguntza jasotzeko, eskatzaileak frogatu beharko du baldintza hauek betetzen dituela:
- Orion erroldatuta zegoela ikastaroak iraun duen bitartean.
- Gutxienez, % 80ko asistentzia izan duela.
- Ikastaroaren ordainketa egina duela.
- Beteta dauzkala bere zerga-betebeharrak.
Zehaztasun gehiago jakiteko, ikusi deialdiaren oinarriak.