Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? hitzaldia emango du Iñaki Iurrebaso soziologo, EHUko irakasle eta UEMAko ikerketa-teknikariak Orion. Udalak antolatu du saioa, UEMArekin elkarlanean, eta otsailaren 13an izango da, asteartearekin, 19:00etan Salatxo aretoan.
Iurrebasok doktore-tesia aurkeztu zuen 2023ko otsailean, Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa izenpean. Tesian, hainbat ideia giltzarri plazaratu zituen, euskararen benetako egoera zein den jakiteko eta diagnostiko zehatzagoa osatzeko; azken hilabeteotan, ideia horiek ari da zabaltzen herriz herriko hitzaldietan. Besteak beste, Iurrebasok dio funtsezkoa dela hiztunen hizkuntza-gaitasunari erreparatzea: zein hizkuntza hitz egiten duten ondoen, zenbateko erraztasuna duten batean eta bestean…
Iñaki Iurrebasoren tesiak hankaz gora jartzen ditu euskalgintzak eta erakundeek azken urteetan erabili dituzten diskurtso batzuk eta bide berriak proposatzen ditu.