Orioko Udalak EUSKARAZ GAZTE literatur lehiaketa antolatzen du urtero, Orioko eta Aiako 16 urtetik gorakoentzat. Iaz 31. ekitaldia egin zen, eta aurten lehiaketaren oinarriak aldatu eta egokitu nahi ditu Udalak, parte-hartzea bultzatzeko eta, oro har, lehiaketa erakargarriago egiteko.
Oinarriak aldatu aurretik, galdetegi bat prestatu du Udalak, herritarren iritziak jasotzeko. Bereziki, lehiaketan azken urteotan parte hartu izan duten herritarren iritziak jaso nahi dira, baina galdetegia irekia da edozeinentzat. 10 galderako galdetegi anonimo labur bat da, berehala bete daitekeena, eta oso lagungarria izango zaio Udalari hemendik aurrerakoak erabakitzeko.
Lehiaketaren ezaugarriak
EUSKARAZ GAZTE literatur lehiaketa udazkenean egiten da: deialdia irailean zabaltzen du Udalak eta lanak jasotzeko epea azarora arte luzatzen da. Abenduaren 3aren bueltan egiten da sari-banaketa ekitaldia, Euskararen Nazioarteko Egunari lotuta.
Bi kategoria bereizten dira: ipuinena eta bertso edo olerkiena. Saritutako lanak Orio Gukarekin batera zabaltzen ditu Udalak gero, gehigarri berezi batean.