Orioko Hezkidetza Diagnostikoan eta festa-batzordearen iazko bileretan, hainbat iritzi eta kezka azaleratu ziren, besteak beste, herritarren parte-hartzeari, batzordearekiko konpromisoari eta haren funtzionamenduari lotuta. Horren aurrean, Udalak beharrezkotzat jo du lanketa-prozesu bat abiatzea, urtero sortzen diren zailtasunak identifikatzeko eta horiek elkarlanean landuta, festa-batzordearen jarduna egokitzeko. Azken batean, Orio herri parte-hartzailea da, eta izaera hori sendotu eta zabaldu nahi da, baita festa-batzordean ere.
Prozesu horren berri emateko, bilera irekia egingo da bihar, urtarrilaren 13an, 18:00etan kultur etxean. Saio honen helburua izango da batzordean parte hartzen duten eragile eta norbanakoekin lanketaren helburuak zehaztea eta aurrerantzean parte-hartzea bermatzeko neurriak adostea. Saio arin eta praktikoa izango da, eta parte-hartzaile guztiek izango dute ekarpenak egiteko aukera.
Bigarren lansaioa, ostera, otsailaren 21ean egingo da, Arraunetxen. Hitzordu horretan egoeraren lanketa sakona egingo da, eta batzordearen funtzionamendua, oinarriak eta dekalogoa aztertuko dira, hortik abiatuta, etorkizuneko dinamika eraldatzeko neurriak proposatzeko. Saio honen inguruko informazio zabalagoa aurrerago emango du Udalak.
Bi kasuetan, Eihera kooperatibako kideak arduratuko dira dinamikak gidatzeaz, eta garrantzitsua izango da gaian inplikatutako norbanako eta elkarteak bertan izatea.
