Feten Feten taldeak kontzertua emango du ostiralean hondartzan

Diego Galaz eta Jorge Arribas musikariek osatutako taldea Orion izango da ostiral honetan, uztailak 18, 20:00etatik aurrera hondartzako berdegunean. Feten Feten bikoak musika tradizionala eta dantzarako musika herrikoia ditu oinarri, gaur egungo ikuspegitik interpretatua. Emanaldia doakoa izango da, eta adin guztietako herritarrentzat aproposa.

2009an sortu zuten taldea, eta ordutik, irudimena baliatu dute bals, txotis, habanera eta orotariko doinuak musika garaikidearekin uztartzeko. Musika instrumentala egiten dute, erroetatik abiatu eta paisaia ezberdinak iradokitzen dituzten ñabardurekin. Azken urteetan nazioarteko hainbat bira egin dituzte, eta 2.000tik gora emanaldi eskaini dituzte, jaialdi entzutetsuetan zein herriko plazetan.

Jorge Drexler, Natalia Lafourcade, Rozalén, Fito, Guitarricadelafuente edo Julieta Venegas bezalako artista eta adiskideekin kolaboratu dute, eta jai giroko musika tradizionala egiten zuen talde gaztea izatetik, punta-puntako musikarien jomugan egotera igaro dira.

Diskak eta proiektuak

16 urteko ibilbidean 5 diska eta bilduma-binilo bat kaleratu dituzte. 2021ean aurkeztu zuten Cantables II diskan, hain zuzen, bederatzi artistak hartu dute parte, tartean, arestian aipatutako sortzaile ezagunek. Musikarekiko duten maitasunaren erakusle, El Mágico Planeta de los instrumentos insólitos liburua plazaratu zuten 2019an, musika ikasten ari diren adin guztietako irakurleentzako obra. 

Hain zuzen ere, musikaren transmisioa eta irakaskuntza dira proiektuaren beste oinarrietako bat, eta taula gainean interpretatzeko zortzi proposamen ezberdin sortu dituzte ikus-entzuleei beren pasioa kutsatu eta elkarrekin gozatzeko.

Orion, uztailaren 18an

Madrilen, Gran Canarian eta Burgosen, besteak beste, kontzertuak eman ondotik, Orion izango dira ostiral honetan, uztailak 18. Eta jarraian, jaialdien ibilbidearekin jarraituko dute, uda bukatu arte. Horregatik, hondartzan emango duten kontzertua aukera paregabea izango da lehen mailako sortzaile hauek zuzenean entzuteko eta haien doinu bereziekin gozatzeko. 

Taldeari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hemen dago entzungai RTVEn urte hasieran egin zieten elkarrizketa.