Frontoi berriaren kokaleku posibleak aztertu ondoren, emaitzak herritarrei aurkezteko saio irekia antolatu du Udalak otsailaren 5ean

Orioko Udalak bilera irekia antolatu du otsailaren 5ean, ostegunarekin, herritarrei Orioko frontoi berriaren kokaleku posibleen azterketaren emaitzak aurkezteko. Saio irekia izango da, 19:00etatik aurrera, kultur etxean, eta XS arkitektura bulegoko ordezkariek gidatuko dute aurkezpena.

Frontoi zaharraren eraisketa

Frontoi zaharrari irailaren egin zitzaion agurra, urrian eraisketa-lanak abiatuko zirelakoan. Baina prozesua uste baino gehiago atzeratu da azpiegitura elektrikoarekin lotutako arrazoi teknikoengatik. Lanek eragin zuzena izango dute herriguneko trafikoan, eta horregatik, eraisketa data jakin bezain laster, horren berri emango du Udalak. 

Frontoi berriaren kokalekua

Frontoi berriaren kokalekua erabaki aurretik, Orioko Udalak aukera posibleak aztertzeko enkargua egin zion XS arkitektura bulegoari. Bi eremu posible aurreikusi dira:

  • PALOTA eremua, KTAren iparraldean.
  • ABAROMENDI eremua, Zaragueta Herri Eskolaren sarrera berriaren ekialdean.

Eremu bakoitzaren ezaugarriak aztertu dituzte, eta horien araberako irudikapen bat proposatu dute, behin betiko proiektuak oraindik definitzeke badaude ere.

Bilera irekian, hain zuzen, azterketaren nondik norakoak eta emaitzak azalduko dituzte XS arkitekturako arduradunek, eta kokaleku bakoitzak eskaintzen dituen aukeren berri emango diete herritarrei.

Izan ere, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onarpenarekin batera, herri galdeketa egitea aurreikusi du Udalak, bi kokaleku posibleen artean herritarrek zein nahiago duten jakiteko. Eta horren ondoren, kokalekua definituta dagoenean, emango zaio forma frontoi berriaren behin betiko proiektuari. 

Honenbestez, Udalak dei egiten die herritarrei aurkezpenera gerturatu daitezen, herri galdeketara begira, zuzeneko informazioa jasotzeko aukera izango baitute kultur etxeko saioan.