Frontoiaren hainbat elementu berrerabiltzen saiatuko da Udala

Laster hasiko dira frontoia eraisteko lanak, eta eremu horretan 24 etxebizitza berri eta 17 x 11 metroko frontoi estalia eraikiko ditu Eraikiru SLk. Horren aurretik, Orioko Udalak frontoiko hainbat elementu bilduko ditu, berrerabiltzeko.

Horien artean dago frontisa, bere garaian, Tolosako Beotibar frontoi ospetsuan soberan geratu zen harriarekin eraiki zena. Herriko pilotariek eta kanpotik etorritako kirolari ezagunek nabarmendu dutenez, Orioko frontisa “oso noblea da”, eta balio handia du.

Horregatik, Udalaren asmoa da frontisa pixkanaka desmuntatzea, eta harriak gordetzea, herrian eraikiko den frontoi berrian erabiltzeko. Iturrioz enpresa arduratuko da lan horiek egiteaz, eta hasitakoan jakingo dute harriak zein egoeratan dauden eta berrerabili daitezkeen ala ez.

Deialdi irekia

Horrez gain, frontoiko elementu txikiagoiei ere bigarren bizitza bat ematea da asmoa, eta horietako batzuk udal eraikinetan berrerabiliko dira. Gainerakoak, aldiz, herritarrek eskatu ahal izango dituzte, hala nola, frontoiaren sarrerako metalezko atea, bankuetako egurrak, konketak eta komunak, paperaren altzairuzko euskailua, neoizko argiteriaren kutxak, pertxak, horma banatzailea edota babes sarea.

Interasatuek Udalarekin harremanetan jarri beharko dute ahal bezain laster helbide honen bidez: komunikazioa@orio.eus. Eta eskuragai dauden elementuen zerrenda bidaliko zaie.