Orioko Udalak urte hasieran iragarri zuen bezala, Eusko Gudari kaleko 36-42 zenbakidun etxebizitzak eta frontoia eraitsiko dituzte urritik aurrera, etxebizitza berriak, garajeak, lokal komertzialak eta erabilera publikoko espazio berri bat eraikitzeko.
Udalarentzat, berri positiboa da. Izan ere, 2007ko arau subsidiarioetan ordenamenduz kanpo geratu ziren pilotalekua eta haren kontra eraikitako etxeak. Ordenamenduz kanpo dauden eremuetan gutxieneko mantentze-lanak baizik ezin dira egin eta, ondorioz, pilotalekuaren eta eraikinen egoerak okerrera egin zuen.
Egoerari konponbidea bilatzeko hainbat saiakera egin zituen Udalak, eta azkenik, etxejabeen aldeko jarrerari esker eta Eraikiru SL enpresaren bidez, eremu osoa hartuko duen proiektua garatu zuen iaz.
Proiektuaren arabera, Eraikiru SLk 24 etxebizitza berri eraikiko ditu eremu horretan. Sotoan aparkalekuak izango dituzte, eta gaur egungo etxebizitzen lerro berean eraikiko dira. Proiektuak, bestalde, 17 x 11 metroko frontoi estalia barne hartzen du, behin betiko irudietan ikusten dena.
Proiektu berria eraikitzeko lanak urrian hasiko dituzte, eta horretarako, etxebizitzak eta egungo frontoia eraitsiko dira.
Frontoiari agurra
Orioko Udalak merezi duen agurra eman nahi dio herriko frontoiari. Herriko pilotari gazte zein helduen bilakaeraren lekuko izan da, esku-pilota jolas, afizio zein ofizio izan duten herritarren topagunea. Kirolerako ez ezik, elkargune gisa ere erabili da urte luzez, eta oriotar guztien oroimenean egongo da aurrerantzean ere.
Prozesu honen baitan, Ospele pilota klubarekin harremanetan egon da Udala hasieratik, eta agur ekitaldia ere elkarrekin prestatuko dute. Irailean izango da, eta data zehatzen eta programaren berri aurrerago emango du Udalak.
