–
Arkupe Orioko merkatarien eta ostalarien elkarteak Gabonetako kanpaina abiatu du, garai berezi honetan ere herriko komertzioetan kontsumitzeko. Kanpainaren barruan, sare sozialetan zabaltzeko bideoa kaleratu dute. Bideo horretan Mari Domingik eta Olentzerok laguntza eskatzen diete herriko merkatariei, Gabonetako opariak prestatzen laguntzeko:
–
Urtero bezala, bestalde, Arkupek abenduaren 24ko egitarauan parte hartuko du. Egun horretan, 11:00etan hasita, kantu-jiran ibiliko dira bi ikastetxeetako haurrak. Arratsaldean, txokolate-jana izango da, Arkupe elkarteak prestatuta, eta segidan, Mari Domingiri eta Olentzerori harrera egingo da, Lera taldeak antolatuta.
Eltzeitsu pisutsua
Arkupek lehiaketa solidarioa abiatuko du, gainera, Gabonetan. Abenduaren 24an bertan, txokolatadan eltzeitsu solidarioa jarriko dute, Orioko familia zaurgarrienei laguntzeko dirua biltzeko. Gerturatzen direnei erronka botako diete, ea norbaitek asmatzen duen eltzeitsuak zenbateko pisua hartuko duen. Gehien gerturatzen denak saria jasoko du: Orioko komertzioetan gastatzeko 200 euroko bonu bat.