Gau Beltza ospatuko da herrian urriaren 31n

 

Zaragueta eskolak, Ikastolak, Txurrumuskik eta Udalak Gau Beltza antolatu dute elkarlanean. Urriaren 31n ospatuko da, asteartearekin.

Txurrumuskik 17:30ean jarri du hitzordua Herriko Plazan, haur eta gaztetxoak makillatzeko; hiru gune jarriko ditu plazako izkinetan eta nahi duten haur guztiek aukera izango dute hara azaldu eta aurpegia pintatzeko.

Ondoren, haurrak eta gaztetxoak eskean ibiliko dira kalez kale, festarekin bat egin duten establezimenduetan. Hauek dira establezimendu horiek: The Pass, Zipristin, Izarra, Olatu, Abeslari kaleko Al-Rai supermerkatua, Txinatar bazarra, Carmen arrandegia, Itziar kirolak, Mara, Argiñe, Gozategi, Iparragirre autozerbitzua, Ontza eta Eusko Gudari kaleko Eroski.

Segidan, txokolatea banatuko dute bi ikastetxeetako gurasoek eta, dantzaldia izango da plazan.

Hau da festaren programa:

17:30 Txurrumuskik haurrak makillatzeko hiru gune jarriko ditu Herriko Plazan.

17:30 – 19:30 Haurren eskea kalez kale, festarekin bat egin duten establezimenduetan.

18:00 Txokolate-jana, Herriko Plazan.

19:30 Dantzaldia Joxe Mendizabal trikitilariarekin, Herriko Plazan.

Gau Beltzaren tradizioa

Askok kanpoko festa baten usaina hartzen badio ere, Euskal Herrian ere ospatu izan da, tradizioz, arimen gaua, Santu Guztien Egunaren bezperan. Gurean ere ohitura zegoen kalabazak edo arbiak barrutik hustu, aurpegi itxura eman eta kandela txiki bat sartzeko. Ondoren, bide bazterretan jartzen ziren, bizilagunak beldurtzeko. Erritu horietako asko galtzen joan dira, eta batzuk berreskuratzeko eta berriak sortzeko ahalegina egiten ari dira azken urteotan zenbait herritan.

Arimen gauarekin bat egin nahi duten herritar guztiak gonbidatuta daude jaia eta beldurra uztartzen dituen ospakizunera!