Maiatzaren 16an ospatuko dugu aurten Balearen Eguna, eta herritarrak protagonista dituen herri-ikuskizuna izango da egitarauko ekimen aipagarrienetako bat. Udalak urtarril bukaeran zabaldu zuen deialdia, ikuskizunean parte hartu nahi duten herritarrei zuzenduta. Datozen asteetan ere zabalik jarraituko du galdetegiak, interesa dutenentzat.
Herri-ikuskizuna prestatzeko lehen saioa gaur, otsailaren 10ean, egingo da, 19:00etan kultur etxean, eta galdetegian izena eman ez dutenek ere gaurko saioan parte hartzeko aukera izango dute. Lehen saio honetan kale-ikuskizunaren zuzendariak ezagutzeko aukera izango da, eta hurrengo asteetarako lan-dinamika azalduko zaie bertaratuei: entseguen nolakotasuna eta maiztasuna, parte hartzeko moduak, ikuskizunaren xehetasunak, kronograma…
Hain zuzen, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola sortzaileak arituko dira proiektuaren gidaritzan. Ibilbide zabala dute bi sortzaileek, eta antzerki profesionalak ekoizteaz gain, herri-ikuskizunetan ere aritu izan dira.
Orioko Udalak herritarrak animatu nahi ditu gaurko bileran parte hartzera, ikuskizunaren eta lan dinamikaren nondik norakoak ezagutzeko, eta informazioa eskuratuta, parte hartu nahi duten ala ez erabaki ahal izateko.
