Gaurtik aurrera, zabalik dira berriro kultur etxea eta liburutegia 

 

Urriaren 9an hasi zituen Udalak kultur etxeko eraikineko igogailua berritzeko lanak. Lehen bi asteetan obrarik astunenak egin dituzte: igogailu zaharra kendu dute eta berria jartzeko egokitu dute zuloa. Datozen egunetan langileek bertan jarraituko dute, falta dena bukatzen, baina kultur etxea eta liburutegia zabalik izango dira bitartean.

Hain zuzen, bihar, urriaren 24a, Liburutegien Nazioarteko eguna izango da, eta ordurako zerbitzua martxan eduki nahi izan du Udalak, bi asteren ondoren.

Liburutegiko datuak

Urtea hasi zenetik 7261 erabiltzaile izan dira liburutegian. Oro har, neguko hilabeteak izan dira jendetsuenak: 1.000 lagun inguru pasa dira hilero; uda sasoian, berriz, 500-600 erabiltzaile izan dira. 

Maileguak, aldiz, 6.535 izan dira: 3.812 dira helduenak, 2.602 haurrenak eta 121 erakundeek egindakoak. Euskaraz gehien mailegatutako izenburuak hauek izan dira:

  • Hamairu ipuin  (Luisa Carnés, Danele Sarriugarte Mochalesen itzulpenarekin, 2022)
  • Bar Gloria  (Nerea Ibarzabal Salegi, 2022)
  • Ibai Ahoak  (Aritz Pardina, 2023)
  • Euskalia  (Mikel Alvarez Sarriegi, 2022)
  • Aitaren etxea  (Karmele Jaio Eiguren, 2019)
  • Ez tiro anbulantziei  (Mikel Ayllon Corral, 2015)
  • Etxe berdea  (Andoni Agirrezabala Izagirre, 2022)
  • Paradisua  (Abdulrazak Gurnah, Maialen Berasategi Catalán eta Joxe Mari Berasateguiren itzulpenarekin, 2022)
  • Eraikuntzarako materiala  (Eider Rodriguez, 2021) 
  • Zoriontasunaren defentsan  (Epikuro, Jonathan Lavilla eta Javier Aguirreren sarrera eta itzulpenarekin, 2023).

Ikasketa-gunea, zabalik

Kultur etxean ikasketa-gunea jartzeko eskaera egin diote erabiltzaileek Udalari, eta eraikinak eskaintzen dituen aukerak aztertuta, KZ gunerako baliatzen den gela horretarako aproposa dela ondorioztatu du Udalak. Herritarren zerbitzuak batzordeak urrian egindako bileran onartu zuen proposamena, eta gaurtik aurrera zabalik izango da ikasgela.

KZ guneko zerbitzua mantendu egingo da, baina ordenagailurik gabeko mahaiak ikasketarako baliatu ahal izango dituzte oriotarrek. Gela irekita egongo kultur etxeko ohiko egutegian eta ordutegian, eta 8 plaza egongo dira libre; plaza horiek betetzen direnean, liburutegira joan beharko dute ikasi nahi duten erabiltzaileek.