17-24 urte arteko gazteentzako bi ikastaro egingo dira azaroan, lan-mundurarako eta bizitzarako trebetasunak lantzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuko TREBA programaren bidez, bi ikastaro emango dira Orion azaroan, 17 eta 24 urte arteko gazteei zuzendutakoak biak: Bizitzarako trebetasunak saioa azaroaren 5ean; eta Lan-mundurako gaitasunak eta baliabideak, azaroaren 12an.

Bizitzarako trebetasunak

Azaroaren 5ean, Bizitzarako trebetasunak ikastaro praktikoa egingo da Salatxo aretoan, 17:30ean hasita. Saio honen helburua da gazteei tresnak eskaintzea garapen pertsonalari eta profesionalari lotutako bidean aurrera egin dezaten. Horretarako, autonomia pertsonala bilatzeko eta aberasteko baliabide praktikoak landuko dira, eta helduaroko erronkei aurre egiteko tresnak eskaini.

Saio praktikoa izango da, eta edukien azalpen orokorraren ondoren, gazteen parte-hartze aktiboa sustatuko da dinamika ezberdinen bidez. Powering Education elkartea arduratuko da saioa gidatzeaz, eta hiru orduko iraupena izango du. Izen-ematea galdetegi honen bidez egin behar da.

Lan-mundurako gaitasunak eta baliabideak

Azaroaren 12an, bestetik, eremu profesionaleko erronkei aurre egiteko gaitasunak landuko dira, hala nola, talde-lana, komunikazioa, lidergotza, proaktiboa izatea, erronken ebazpena… Enplegua lortzeko bidean, ekimen ezberdinek eta barne-ekintzailetzak duten garrantzia azalduko zaie gazteei, eta saio praktiko eta dinamikoa izango da.

Taldeko dinamikak ez ezik, banakako lanketak ere egingo dira, gazteen motibazioa eta jakin-mina pizteko, eta lan-mundura jauzi egiteko material pertsonalak sortzen ikasiko dute. Saioa leku eta ordu berean izango da, eta izen-ematea, kasu honetan, galdetegi honen bidez egin behar da.