Giro goxoan omendu dituzte urteko oriotarrak

Larunbat iluntzean egin zen Arraunetxen urteko oriotarrak omentzeko ekitaldia. Areto betean egin zen eta ordubete inguru iraun zuen. Ekitaldi herrikoia izan zen, herritarrek herritarrentzat pentsatu eta egina.

Udalak bideratutako parte-hartze prozesuaren bidez herritarrek aukeratu dituzten urteko lau omenduak hauek izan dira:

  • Itziar Oliden, gertuko merkataritza bultzatzeko egindako lanagatik
  • Libe Arruabarrena, eskubaloiko Munduko Txapeldun izateagatik
  • Talai Mendi elkartea, 75 urtetan egindako lan guztiagatik
  • Benito Lertxundi, kantagintzan bukatu berri duen ibilbide oparoagatik.

Ekitaldi goxoa

Danbolin musika-eskolako hiru biolin-jotzailek eman zioten hasiera ekitaldiari: Amaia Gutierrezek, Andoni Lertxundik eta Leire Bravok. Segidan, Iñigo Gaiton eta Jabier Zabaleta udal-teknikariak igo ziren oholtzara, etorritako jendeari ongietorria emateko eta ekitaldiaren nondik-norakoak azaltzeko. Ekitaldiaren haria Iñigo Gaitonek eraman zuen eta Anuska Esnal alkateak egin zituen omendu bakoitza aurkezteko hitzak, lau omenduak tradizio zaharreko lau elementuekin lotuz: haizea, sua, lurra eta ura.

Omenduak banan-banan igo ziren oholtzara. Han bertso bana entzun zuten Errikotxia elkarteko Egoitz Eizagirreren ahotik eta, ondoren, Iñigo Gaitonen galderei erantzun zieten.

Ekitaldia bukatzeko, lau omenduek Elene Tamayo oriotarrak egindako ilustrazio bana eta lore-sorta bana jaso zuten, oroigarri, eta Danbolineko dantza-irakasle Ander Errastik agurra dantzatu zien oholtza gainean.

Behin ekitaldia bukatuta, otordutxo bat egiteko aukera izan zuten Arraunetxera bildutako guztiek, han bertan.