Guk Oriori proiektua herritarrei aurkezteko saioa egingo da urriaren 28an, astelehenarekin

 

Orioko Udalak herriaren erronkak eta parte-hartze proiektuak biltzen dituen Guk Oriori atari digitalaren berri eman zuen atzo Salatxo aretoan egindako prentsaurrekoan, eta datorren astelehenean, urriak 28, herritarrentzako aurkezpen-saioa antolatu du, kultur etxean.

Udalak 11 erronka definitu ditu eta, horien baitan, 38 lan-lerro. Erronka horiek Orioren lehentasunei erantzuten diete, eta dagoeneko martxan dauden, laster aktibatuko diren ala etorkizunean diseinatuko diren egitasmoei koherentzia eta batasuna ematen diete. «Guk Oriori marea bizian nabigatzen ari den herriaren iparrorratza» dela azaldu zuen Anuska Esnal Oliden alkateak.

Horrez gain, herritarren parte-hartzea sustatzeko atala ere badu atariak, eta aktibatu den lehen egitasmoa Andra Mariko guneari dagokiona da. Gune horren ordenamendua lantzeko, arkitektura-bulegoei zuzendutako ideia-lehiaketa jarri zuen martxan Udalak urte hasietan, eta aurkeztu ziren 8 proiektuen artean, 5ek gainditu zuten epaimahaiak ezarritako bideragarritasun- eta egokitasun-langa. Orain, herritarrei zabalduko zaie epea proiektu horien artean gustukoena aukeratzeko.

Proiektuak ikusgai daude jada Guk Oriori atarian, baina fisikoki ere jarriko dira kultur etxean, hiru astez. Hain zuzen, urriaren 28an, astelehenarekin, jarriko dira panelak areto nagusian, eta kultur etxeko ohiko ordutegian ikusi ahal izango dira. Proposamen gustukoenaren alde botoa emateko egunak, ordea, azaroaren 15a eta 16a izango dira: ostiralean, kultur etxean (9:00-13:00 eta 16:00-20:00) eta larunbat goizean, turismo-bulegoan (9:30-15:00).

Jendaurreko aurkezpena

Urriaren 28an, beraz, parte-hartze proiektuaren irekierarekin batera, egingo da Guk Oriori herritarrei aurkezteko saioa. 19:00etan izango da, kultur etxeko areto nagusian, eta zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango da. Horregatik, herritar guztiei zabaldu die Udalak aurkezpenera agertzeko gonbita.