‘Gure kanoa’ txotxongilo-ikuskizuna izango da kultur etxean, apirilaren 1ean

Zurrunka Teatroaren Gure kanoa ikuskizunak Senegalgo Abba haurraren istorioa kontatzen du. Ordubete inguruko iraupena du, eta Oriora apirilaren 1ean iritsiko da. Saioa 17:30ean hasiko da, kultur etxean.

Abba Senegalgo arrantzale familia batean jaiotako haur ausart eta xarmagarria da. Arrainen Etxean arrantza egiten jarraitu ahal izateko, ikaragarrizko abentura batean murgilduko da, eta Maam Kumbaren ahotsa Izaroren herrira eramango du, bi kulturen arteko lotura eginez. Migrazioa, bi hemisferioetako herrialdeen arteko harremana eta ama lurraren zaintza ditu aztergai ikuskizun dibertigarri eta poetikoak.

Sarrerak

Ikuskizunerako sarrerak eskuragai daude dagoeneko hemen, bost euroan. Kultur etxean erosi nahi izanez gero, martxoaren 24ko arratsaldetik aurrera izango da horretarako aukera.