Gure Zirkua Orion ikusteko sarrerak, bihartik aurrera eskuragai

 

Iker Galarza aktorearen Gure Zirkua ikuskizuna 5. biran murgilduta dago, eta abuztua Orion pasatuko du, aurreko urteetan bezala. Bira honen barruan, Gipuzkoan eskainiko dituzten lehen emanaldiak izango dira, 16 guztira. Sarrerak bihar, uztailak 14, jarriko dituzte salgai Gure Zirkua atarian.

Zirkuaren karpa aurreko urteetako toki berean instalatuko da: Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoko berdegunean. Laster hasiko dira muntatzen, eta han izango da abuztuaren 28ra arte.

Ikuskizuna iazkoaren tankerakoa izango da, baina guztiz berria: esketx berriak, musika eta kanta berriak… Betiko zirkuaren izpiritua jasotzen du, euskal publikoarentzat egokituta eta euskaraz.

Sarrerak salgai uztailaren 14tik aurrera

Sarrerak internetez salduko dira uztailaren 14tik aurrera, Gure Zirkuaren webgunean. Emanaldiak ostegunetik igandera egingo dituzte, 19:00etan, eta 16 saio izango dira guztira.