Hegaluzea enbotatzeko saioa eta marmitakoa izango dira igandean, Parrilla Festan

Bihar arratsaldean piztuko dira sugarrak Herriko Plazan, urriaren 3tik 5era luzatuko den Parrilla Festa hasteko. Eta hiru egunez, Orioko itsas tradizioa eta ondarearen transmisioa ospatuko dira, festa herrikoi eta parte-hartzailean. Orain arte, pintxo-pote gastronomikoak eta larunbateko bazkariak izan dute protagonismo nagusia, baina igandean Hegaluze Eguna ospatuko da, eta jarduera mamitsuak izango dira plazan.

Hegaluzea enbotatzeko erakustaldia

12:00etan hasita, bi herritarrek hegaluzea nola enbotatzen den erakutsiko dute zuzenean. Nieves Arruti eta Jose Mari Gozategi igoko dira oholtzara, eta ikus-entzuleek zuzenean ikusiko dute arrainaren prestaketa prozesua eta haien teknikak.

Saio irekia izango da, eta ez da beharrezkoa zeregin horretan ezagutza izatea, hegaluzea enbotatzen ikasteko gogoa baizik.

Marmitakoa eta tabernen pintxoak

Eguerdiko 14:00etatik aurrera, Aldapa elkarteak urteroko marmitakoa eskainiko du Herriko Plazan. Errazioak 3 euroan eskuratu ahal izango dira momentuan bertan, eta otordua plazan egiteko mahaiak eta aulkiak izango dira. Herriko tabernek postua izango dute plazan bertan, eta haiek prestatutako pintxoak eta errazioak dastatu ahalko dira. Udalaren helburua da marmitakoa herri bazkari bihurtzea. Edateko sargardo txotxa ere eskainiko da.