Larunbat honetan egitekoa zen herri-aitortzako ekitaldia, baina astebete atzeratzea erabaki du Udalak, omenduetako baten agenda-arazoak direla-eta. Ekitaldia, beraz, datorren urtarrilaren 4an egingo da, larunbatarekin, Arraunetxen, 19:00etan hasita.
Udalak, ekitaldi publiko horretan, aitortza eta omen egingo die urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei. Orion jende asko dago herriari ekarpena egiten diona, bakoitzak bere eremutik: kultura, kirola, zientzia, gizartea… Batzuk oso agerikoak dira, baina beste batzuk, berriz, isilean pasatzen dira askotan. Guztien ekarria aitortu eta omentzea izango da ekitaldiaren xedea.
Herritarrek aukeratu dituzte omenduak
Omenduak zein izango diren aukeratzeko prozesua abenduan egin da eta herritarrek izan dute azken hitza: aurrena, oriotarrek proposatu dituzte omendu zitezkeenen izenak, Udalak prestatutako formulario baten bidez; ondoren, mahai tekniko batek doitu eta ordenatu du zerrenda eta, azken erabakia hartzeko, herriko lau elkarte aukeratu dira zozketaz eta haiek aukeratu dituzte aurtengo omenduak, Udaleko teknikari batekin batera.