Udalak aitortza eta omena egingo die urtean zehar nabarmendu diren zenbait oriotarri, eta abenduaren 15ean bukatuko da epea, herritarrek eta taldeek omendu posibleen izenak aurkezteko.
Epea gaur zen bukatzekoa, baina Udalak igandera arte luzatzea erabaki du.
Udalak joan zen asteartean iragarri zuen urtean zehar nabarmendutako oriotarrei aitortza egiteko ekitaldi bat antolatuko duela abenduaren 28an, larunbatarekin. Hautagaiak aurkezteko galdetegia irekita dago eta Udalak herritarrak animatu nahi ditu, aurten omenduak izateko merezimenduak bildu dituzten oriotarrak aurkeztera.
Orion jende asko dago herriari ekarpena egiten diona, bakoitzak bere eremutik: kultura, kirola, zientzia, gizartea… Batzuk oso agerikoak dira, lorpen garrantzitsuak eskuratu dituztelako aurten; beste batzuk, berriz, isilean pasatzen dira askotan, baina lan handia egiten dute elkarbizitzaren eta herriaren alde. Guztien ekarria aitortu eta omenduko du Udalak urtero, aurten hasita (Guk Oriori atariko parte-hartze prozesuen atalean).
Proposamenak aurkezteko epea, beraz, datorren igandean bukatuko da. Galdetegi honen bidez aurkeztu behar dira proposamenak, modu anonimoan.
Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak
Hautagai izateko, oriotarra edo Orion erroldatutakoa izan behar da; edo, bestela, herriko kultur edo kirol-elkarteren batean ibilitakoa edo dabilena.
Ezin izango dira omendu izateko hautagai izan:
- Fikziozko pertsonaiak.
- Lehendik ere omendutakoak.
- Hildakoak.
- Kargu politikoak betetzen dituzten pertsonak, udalbatzarra osatzen duten kideak edo udaleko konfiantzazko karguak, egoera horretan dauden bitartean.
Aurtengo omenduak aukeratzeko prozedura
Behin hautagaiak aurkezteko epea pasatuta, mahai tekniko batek aztertuko ditu proposamenak eta, ondoren, epaimahaiak hartuko du azken erabakia eta aukeratuko ditu aurten omena jasoko duten oriotarrak.
Epaimahaia zozketaz aukeratutako herriko lau elkarteren ordezkari banak eta udal-teknikari batek osatuko dute.
Aitortza-ekitaldia
Herri-aitortza egiteko ekitaldia abenduaren 28an izango da, larunbatarekin, eta Udalak aurrerago emango ditu horren zehaztasunak. Ekitaldi xume bat izango da eta, bertan, herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dute omenduek.