Lau urte igaro dira Orioko Udalak herri-baratzeak herritarren eskura jarri zituenetik. Eremuaren erabileraren inguruko balorazioa egin ondoren, ekimenarekin aurrera jarraitzea erabaki du Udalak, baina erabiltzaileek hala eskatuta, araudia egokitu du. Udalbatzarrak azaroan onartu zuen araudi berria, eta alegazioak aurkezteko epea bukatuta, urtarrilaren 12an zabalduko zaie herritarrei lursailaren eskaera egiteko epea.
Guztira 46 partzela zozkatuko dira, guztiak 40 metro koadrokoak. Horietatik laurden batean, lehentasuna izango dute pentsiodunek edo desgaitasunen bat duten herritarrek, eta horrez gain, azken lau urteetan erabilitako lursaila mantendu nahi duenak, hori adierazteko aukera izango du eskaera-orrian.
Lursailaren adjudikazioa urtebetekoa izango da, eta gehienez lau urte luzatzeko aukera izango da. Urteroko kuota ordenantza fiskaletan finkatuko da; 2026an 60 eurokoa izango da, eta gainera, 60 euroko fidantza ordaindu beharko da lehen urtean.
Lursaila adjudikatzen zaien herritarren artean, ezinbestekoa izango da Baratzetako Zuzendaritza Batzordea osatzea, eguneroko kudeaketa aurrera eraman ahal izateko.
Izena emateko epea
Herri-baratzetarako eskaera aurkezteko epea urtarrilaren 12tik 23ra egongo da zabalik (biak barne). Behin eskaerak aurkezteko epea pasatuta, behin behineko zerrendak publikatu eta erreklamazio epea irekiko da. Zozketa publikoa otsaila amaieran egitea da aurreikuspena.
Baldintzak
Zozketan sartzeko eta, beraz, herri-baratzeetako baten erabiltzaile izan ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:
- Orion erroldatuta egotea eskaera aurkezten den unean.
- Baratzea erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean Orion erroldatuta egotea.
- Orioko Udalarekin zorrik ez izatea.
- Ez eskatzaileak eta ez haren etxeko inork ez izatea nekazaritzarako egokia den terrenorik jabetzan edo usufruktuan.
- Familia-unitateko eskaera bakarra onartuko da.
- Baratzen araudia ez betetzeagatik aurrez zigorrik ez jaso izana.
Eskaerak nola aurkeztu
Eskaerak aurkezteko, Udalak prestatu duen eredu ofizial hau erabili behar da, nahitaez:
Eskaera-orria bete eta udal-bulegoetan aurkeztu behar da, eta horrekin batera, NANaren fotokopia eta baldintzak betetzen direla erakusten duen ziurtagiria.
Komeni da eskaera-orria beteta ekartzea udaletxera, jende-ilararik ez sortzeko. Eta bestela, erregistro elektronikoz ere aurkeztu daiteke, baina, betiere, goiko eredu ofiziala erabilita.
