Herriko eragileek eta Udalak 40tik gora ekitaldi antolatu dituzte udaberrirako

Apirila, maiatza eta ekaina urteko hilabete oparoenak izan ohi dira ekitaldiei dagokienez, eta aurten ez da gutxiago izango. Herriko eragileekin elkarlanean, 40 bat proposamen antolatuko dira datozen asteetan Orion, eta horiek guztiak jasotzen dituen eskuorria etxez etxe banatu du egunotan Udalak, Orio Guka hilabetekariarekin batera.

Udalaren eta herriko eragileen elkarlanaren fruitu da osatu den programa aberats eta mardula, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie guztiei egindako esfortzuagatik.

Ekitaldien artean badira eragileek urtero antolatzen dituzten jarduerak, batzuk aipatzearren: Orioko Herri Ikastolaren aste kulturala, Zaragueta Herri Eskolaren Kros Txikia, DanbolinFest jaialdia, Nazioarteko Arraun Estropadak, Talaimendi elkartearen astea eta Talaimendi Trail proba, Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka… Zerrenda luzea da oso. 

Udalaren webguneko agendan ere kontsultatu daiteke programa osoa.

Emanaldi bereziak

Baina horiekin batera, badira beste hainbat emanaldi berezi ere: Frankenstein agurgarria errezitaldi musikatua igande honetan (sarrerak eskuragai hemen) eta Verde Pratoren kontzertua datorren ostiralean (sarrerak eskuragai hemen). Maiatzean, ostera, Saharari buruzko erakusketa jarriko da Guerara Orio elkartearen bidez; Ezinezkoaren alde liburuaren aurkezpena egingo da, Iñigo Martinezekin; Maialen Lujanbioren RR-6 eRRe(AH)ala hitzaldi-errezitaldia izango da zimitorio zaharrean; eta Rioja filarmoniaren kontzertua, San Martin baselizan. Ekainean, azkenik, Olaia Inziarte nafarrak kontzertua emango du Herriko Plazan. 

Proposamen eder horiekin batera, herriko eragileek ere hitzordu bereziak izango dituzte: Harribil Dantza Taldeak 30. urteurrena ospatuko du bihar, apirilaren 5ean, eta Euskaraldia eta Balearen Eguna uztartuz, kantu-afaria egingo da Balea elkartean, maiatzean. Hain zuzen, Euskaraldiaren laugarren edizioa egingo da maiatzaren 15etik 25era, eta aparteko programa batean jasoko da aurtengo egitaraua. Ekimenean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Kulturaren aldeko apustua, zenbakitan

Orioko Udalak kultura eta herriko kultur-ekosistema indartzearen aldeko apustua egin du azken urteotan. 2025eko udal-aurrekontuak osatzerakoan, 55.000 eurotik 70.000 eurotara igo zen kultur ekintzetara bideratutako dirupartida. Partida horretako diruarekin programatzen dira urte osoko kultur emanaldiak; San Pedro eta San Nikolas festek diru-partida propioak dituzte eta beste festetarako ere (Gabonak, Inauteriak, auzoetako festak, Gazte Festak…) partida berezia dago. 

Udaberriko agendako artisten kontrataziora 21.127,68 euro bideratu ditu Udalak, eta egitarauan ikus daitekeenez, une honetan Euskal Herrian erreferente diren artistak programatu dira. 

Ekitaldien zerrenda osoa:

Apirila

  • Apirilaren 2tik 6ra: Orioko herri-ikastolaren aste kulturala
  • Apirilaren 5ean, larunbata: Harribil Dantza Taldearen 30. urteurrenaren ospakizuna, Herriko Plazan.
  • Apirilaren 5ean, larunbata:Euskaraldia: hamalaukoaren aurkezpena, Herriko Plazan 13:00etan.
  • Apirilaren 6an, igandea: Frankenstein agurgarria errezitaldi musikatua, Petti eta Ana Galarragarekin. Kultur etxean, 18:00etan.
  • Apirilaren 7an, astelehena: Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren kontzertua. Kultur etxean, 19:00etan.
  • Apirilaren 11n, ostirala: Verde Pratoren kontzertua. Kultur etxean, 22:00etan.
  • Apirilaren 12an, larunbata: Kitaldepare txaranga kalez kale, 12:30ean.
  • Apirilaren 12an, larunbata: Nazioarteko Arraun Estropadak. Errioan, 18:00etan.
  • Apirilaren 26an, larunbata: Gipuzkoako aulki mugikorreko arraun txapelketa. Errioan, 16:30ean.
  • Apirilaren 28an, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria. Kultur etxean, 18:00etan. HH3tik aurrerako haurrentzat. 

Maiatza

  • Maiatzaren 8tik 20ra: Saharari buruzko erakusketa, Guerara Orio elkartearen eskutik. Kultur etxean.
  • Maiatzaren 9an, ostirala: Eskola-umeen literatur lehiaketaren sari-banaketa. Udaletxean, 18:30ean.
  • Maiatzaren 10ean, larunbata : DanbolinFest jaialdia, Herriko Plazan.
  • Maiatzaren 11n, igandea: Sortzaile- eta artisau-azoka. Herriko Plazan eta Endaia Plazan, goizean.
  • Maiatzaren 14an, asteazkena: Ezinezkoaren alde liburuaren aurkezpen-hitzaldia, Iñigo Martinezekin. Salatxo aretoan, 19:00etan.
  • Maiatzaren 15tik 25era: Euskaraldia 
  • Maiatzaren 16an, ostirala: Kantu-afaria Euskaraldia eta Balearen Eguna uztartuz. Balea elkartean.
  • Maiatzaren 18an, igandea: RR-6 eRRe(AH)ala hitzaldi-errezitaldia, Maialen Lujanbiorekin. Zimitorio zaharrean, 19:00etan.
  • Maiatzaren 19tik 25era: Kukuarri astea, Talaimendi elkarteak antolatuta.
  • Maiatzaren 23tik 25era: Garagardo-azoka, Herriko Plazan.  
  • Maiatzaren 24an, larunbata: Beteranoen estropadak. Errioan, 14:00etan. 
  • Maiatzaren 25ean, igandea: Kukuarri Eguna.
  • Maiatzaren 25ean, igandea: Rioja filarmoniaren kontzertua: Jorge Nicolás Manrique, Alba Reirís eta Alba Carretero Lizaso. San Martin baselizan, 18:00etan.
  • Maiatzaren 26an, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria. Kultur etxean, 18:00etan. HH3tik aurrerako haurrentzat.
  • Maiatzaren 30etik ekainaren 1era: Garagardo-azoka, Herriko Plazan.  
  • Maiatzaren 31n, larunbata: Kros txikia Zaragueta Herri Eskolatik abiatuta, 09:00etan.
  • Maiatzaren 31n, larunbata: OAE traineru-aurkezpena. Herriko Plazan, 12:00etan.
  • Maiatzaren 31n, larunbata: V. Talaimendi Trail Orio, Talaimendi elkarteak antolatuta. Arranplako plazoletatik abiatuta, 17:00etan.

Ekaina

  • Ekainaren 1ean, igandea: Gipuzkoako traineru-txapelketa. Errioan, 11:00etan.
  • Ekainaren 7an, larunbata: Orioko herri-ikastolaren festa.
  • Ekainaren 13an, ostirala: Olaia Inziarteren kontzertua. Herriko Plazan, 20:00etan.
  • Ekainaren 14an, larunbata: Zaragueta herri-eskolaren festa.
  • Ekainaren 16tik 20ra: Danbolin Musika eta Dantza eskolako entzunaldiak. Kultur etxean.
  • Ekainaren 20tik 21era: Anibarko Portuko festak. Garmendiazpi auzo elkarteak antolatuta.
  • Ekainaren 21ean, larunbata: Orioko Futbol Taldearen festa. Orioko herri-ikastolan.
  • Ekainaren 23an, astelehena: Sorgin gaua Harribil dantza-taldearekin. Arranpla ondoko zabalgunean, 21:30ean.
  • Ekainaren 27tik uztailaren 1era: San Pedro festak.