Orioko Udalak, herriko ikastetxeek eta Txurrumuskik antolatuta, urriaren 31n Gau Beltza ospatuko da herrian. Egitaraua zomorro eta arimen herri-kalejirarekin abiatuko da 18:00etan, Baxoaldetik.
Geldialdiak egingo dituzte Andra Mariko zabalgunean eta Herriko Plazan, eta Harribil dantza-taldeko dantzariek lagunduta, herritarrek aukera izango dute arin-arina eta fandangoa dantzatzeko. Ondoren, HHko eta LHko ikasleentzako tailerrak izango dira plazan, ikastetxeek gidatuta.
Eta 19:30ean, beldurrezko ibilbidea antolatuko du Txurrumuskik LH3tik DBH4ra bitarteko ikasleentzat. Ibilbidea talde txikietan egingo dute haurrek, plazatik abiatuta eta txandaka. Txandak plazan bertan antolatuko dira.
Zomorro eta arima mozorroak
Iaz bezala, antolatzaileek dei egiten diete herritarrei egun horretan Gau Beltzaren tradizioari lotutako mozorroak jantzi ditzaten:
- Alkandora: koadroduna edo zuria.
- Baserritar jantziaren prakak edo gona.
- Tela zuriarekin egindako aurpegiko estalkia edo aurpegia margotuta.
- Lastozko txapela edo ilea nahasita.
Gau Beltzaren tradizioa
Gau Beltza ez da Estatu Batuetatik etorri zaigun jai bat. Euskal Herrian ere ospatzen zen lehen, beti urriaren 31n, Santu Guztien egunaren bezperan. Orion ere, egun horretan, kalabazak barrutik hustu eta kandelekin argitzen ziren, Karmele Esnal andereño oriotarrak, bere txikitako urteak gogoan, kontatzen duen bezala. Gau Beltzaren tradizioa galdu edo ahuldu egin zen gero Euskal Herrian, baina, gaur egun, toki askotan ari dira horren inguruko ohitura zaharrak berreskuratzen, ospakizuna indartzen eta berrasmatzen. Orion ere hori egin nahi dute Gau Beltzaren antolatzaileek.
Udazkenetik negurako tarteak, egun motz eta ilunekin, sinbolismo handia du Euskal Herrian ere: azken uztak biltzeko garaia da, urtearen bukaera badatorrela gogorarazten digu eta, azkenik, hildako senideen oroimena ere badakar. Gaztetxoentzat, aukera ezin hobea da heriotzaren gaia mahai gainean jartzeko, ikuspegi ludiko batekin: elkar beldurtzeko jolasak eginez, kalabazak eta arbiak hustu eta argiztatuz, mozorroak jantziz…
Inguruko beste herri askotan egiten ari diren bezala, gure tradizioa jaso, berreskuratu eta berrasmatu egingo dugu Orion!
