Urte hasieran aurkeztutako Biziberritze Planean oinarrituta eta kanpineko pareta berritu behar zela ikusita, herriko ondarea balioan jartzeko aukera aprobetxatzea erabaki du Udalak. Horretarako, Orioren historiako elementu esanguratsuak bilduko dituen murala diseinatzeko enkargua egin zitzaion Udane Juaristi artista azkoitiarrari, eta bere proposamena onartuta, aste honetan hasi da lanean.
Kanpinaren kanpoaldeko pareta berritu du azken asteetan Udalak, eta konponketak bukatuta, margolanarekin hasi da Juaristi. Obra datozen hiruzpalau asteetan osatuko du. Aurreikuspenen arabera, beraz, irail amaierarako bukatuta egongo da 120 metroko horma-irudia.