Orioko Udalak herriko parkeen azterketa egin zuen duela hilabete batzuk horiek mantentzeaz arduratzen den enpresarekin. Azterketa horren emaitzetan oinarrituta, hainbat aldaketa eta egokitzapen egiten ari da Udala eta, besteak beste, datozen asteetan herriko parke guztien lurrak garbituko dira.
Parkeen azterketak agerian utzi du Baxoaldeko jolastokiaren gune bat ordezkatzeko beharra dagoela, eta piezaka egin beharrean, joko-multzo hori batera aldatzea erabaki zuen Udalak. Lan horiek azken asteetan egin dira, eta parkea erabat erabilgarri dago berriro (irudikoa).
Horrez gain, Hondartzako parkean dagoen egurrezko barkuko hainbat pieza ere berritu dira, baita arranpla pareko jolas-guneko zabua ere.
Datozen asteetan, bestalde, parke guztien lurrak garbituko dituzte. Muntoko kirol-pistaren itxitura ere sendotuko da, eta Bikamiota parkeko jolas baten malgukia berrituko da. Hortaz, herriko parke guztietan egingo ditu doikuntzak Udalak, egokitasuna eta segurtasuna bermatzeko.
Lan horiek guztiek 18.600 euro + BEZeko kostua dute, eta Lurkoi enpresak egin ditu.