Atzo iluntzean egin zen 2025eko Herri Aitortza ekitaldia kultur etxean, eta Orioko Eguneko Zentroko langileei egin zitzaien omenaldia. Aretoa bete egin zen herriko adinekoen zaintzan buru-belarri aritzen den lantaldearen lana balioan jartzeko eta eskertzeko.
Saioa Iraola eta Adrian Garcia udal-teknikariek eman zieten ongietorria herritarrei, eta ekitaldiaren nondik-norakoak azaldu zituzten. Iraolak, hain zuzen, zaintzak gizartearen erdigunean kokatzeko beharra azpimarratu zuen, zaintzarena ardura kolektiboa delako, eta erakunde publikoen, mugimendu feministaren eta herriko eragileen arteko elkarlanaren bidez zaintza-ekosistema berri bat eraikitzeko prozesuaren garrantzian jarri zuen fokua.
“Orioko Eguneko Zentroko langileei egindako omenaldiaren bidez, herrian zaintza lanetan aritzen ziren eta diren norbanako guztien lana aitortu nahi da. Funtzio sozial ezinbestekoa egiten dute adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen, haurren… egunerokoa errazteko eta haien bizitzak sostengatzeko”, nabarmendu zuen.
Ondoren, Orioko Eguneko Zentroko lantaldeko lau kide igo ziren oholtzara, eta Iraolak eta Garciak elkarrizketa laburra egin zieten, haien errealitatearen berri herritarrei emateko.
Segidan, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako Andoni Lertxundi eta Amaia Gutierrez biolinistek eta Mireia Torres biolontxelistak Oskorriren Gaztelugatzetik kanta jo zuten, eta abesti horretatik abiatuta, Anuska Esnal Orioko alkateak ikusleak uretan murgildu zituen, herrian ezkutatutako altxorraren bila. Baina altxor hori ez dago urrez eta zilarrez osatuta, Eguneko Zentroko langileen eguneroko lan isilarekin eta ezinbestekoarekin baizik, eguneroko keinu txikiekin, pazientziarekin eta presentziarekin.

Jarraian, Orioko Eguneko Zentroko dozena bat langile igo ziren oholtzara, eta Elene Tamayo artista oriotarrak egindako Amalurra obra eta Hiru Loreak oroigarriak jaso zituzten, baita Muxutruk lore-dendak prestatutako lore-sortak ere.
Bukatzeko, Errikotxia elkarteko Maddi Etxeberriak bertsoa eskaini zien, eta Harribil dantza-taldeko Jon Alkainek eta Ane Ayestaranek agurra dantzatu zioten oholtza gainean. Behin ekitaldia bukatuta, otordutxo bat egiteko aukera izan zuten kultur etxean bildutako guztiek, han bertan.

